Politika -
Elkarrizketa
Jaurlaritza 'noraezean' dabilela kritikatu du Basagoitik
Hala ere, buruzagi popularrak esan du PSE-EErekin duten ituna legegintzaldi osorako dela eta PPk "hitza" beteko duela.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak esan du PSE-EE "noraezean" dabilela Jaurlaritzan eta "Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren buruzagiaren bozeramaile lanak" egiten dituela "Espainiako Gobernuak hartzen dituen neurrien oposizioa eginez".
Hala ere, buruzagi popularrak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, PPk Jaurlaritzan PSE-EErekin egin zuen akordioa legegintzaldi osorakoa da eta PPk "hitza" beteko du.
"Zilegi da PSE-EEk PP kritikatzea, baina goberna dezatela eta esfortzua egin dezatela; horrela jarraitzen badute, egoera okertu egingo da", gaineratu du.
PP-PSE ituna kritikatzen duten politikari sozialistei dagokienez, Basagoitik esan du PPren barruan ere badaudela ituna kritikatzen dutenak, ez dela Jesus Eguiguren PSE-EEren presidentea hori egiten duen bakarra.
Aipatu politikariaren iritzia errespetatzen badu ere, bere argudioak beti "PP isolatzeko eta ezker abertzalea saritzeko" izaten direla kritikatu du. Basagoitiren esanetan, "horrelakoengatik agintzen du Bilduk Gipuzkoan".