Politika -

Bakea eta normalizazioa

Legebiltzarrak bake eta bizikidetzarako lantaldea osatu du

Aralarko zuzendaritzak bere legebiltzarkideei ohartarazi dienaren arabera, bizikidetza lantaldean parte hartzen badute "beren burua alderditik kanpo jarriko dute berriro".

Bakerako eta bizikidetzarako ordezkariak. EITB
Bakerako eta bizikidetzarako ordezkariak. EITB

Bakerako eta bizikidetzarako lantaldea osatu dute

01:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak bakerako eta bizikidetzarako lantaldea osatu du astelehen honetan, elkarrizketaren bidez Euskadin terrorismoaren amaiera indartzen laguntzeko asmoz, "alderdien jarrerak hurbildu eta batak bestearen jarrerak ulertzen laguntzeko".

Lantaldea Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak eratu du formalki, eta "legegintzaldi honetako legebiltzarkide guztiek bezala", berak ere "Euskadi bakean eta askatasunean bizitzeko gogoa" duela esan du.

Batzordeak ez du presidenterik izango, datorren ostiralean edo maiatzaren 2an egingo dute lehen bilera eta orduan ezarriko dituzte lan egutegia, prozedurak eta helburuak. Lantaldean astero biltzeko asmoa du.

Lantaldeko kideen adierazpenak

Joseba Egibar (EAJ), Jose Antonio Pastor (PSE-EE), Anton Damborenea (PP), Aintzane Ezenarro (Aralar) eta Mikel Arana (Ezker Anitza) legebiltzarkideek, foro honetan parte hartuko duten alderdietako ordezkariek (UPyDk eta EAk ez dute bertan parte hartuko), adierazpenak egin dizkiete hedabideei osaketa bukatutakoan.

Joseba Egibar EAJren bozeramailearen arabera, lantaldea osatuta elkarrizketa baliatuz "alderdien jarrerak hurbilduko dira eta batak bestearen jarrerak ulertzen lagunduko da".

Egibarrek esan duenez, "zabalik dago" ezker abertzaleak parte hartzeko aukera, izan ere, "ez dago eragozpenik ordezkari instituzional baten edo talde politiko baten informazioa edo jarrera jasotzeko". "Ez da betorik izango; bertan parte hartzeko moduak dira erabaki behar direnak", adierazi du.

Jose Antonio Pastor Legebiltzarreko sozialisten bozeramailearen ustez, lantaldeak kide anitzeko sistema izango du lan egiteko; hortaz, ez da presidentetza "efektiborik" izango.

Lantaldeak "bakea behin betiko finkatzeko eta Euskadin bizikidetza berreskuratzea ahalbidetuko duten mota guztietako jarduerak martxan jartzeko" balio izatea espero duela esan du Pastorrek. "Hori da printzipioz denok babesten dugun lehen helburua; euskal gizartearentzat emankorrak izango diren kontsentsuak lortzeko baliabide egokiak daudela uste dut", gaineratu du.

Antonio Danborenea PPren bozeramaileak, berriz, lantaldea "eraginkorra izatea" espero duela esan du, eta legebiltzarkideek, lehenik eta behin, bertatik zein helburu lortu nahi duten adostu behar dutela azpimarratu du.

Ezker abertzalearen parte hartzearen inguruan Danboreneak ohartarazi duenez, "ETAren terrorismoa gaitzesten ez duen bitartean gutxi dauka herri hau baketzen laguntzeko", eta Sortu legeztatuko balute, talde horrek, Danborenearen ustez, "ezingo luke legegintzaldi honetan parte hartu, legebiltzar talderik ez duelako".

Mikel Arana (Ezker Anitza) legebiltzarkideak, berriz, lantaldea "emankorra" izateko itxaropena agertu du "gizarte baketu batean lan egiten hasteko".

Aintzane Ezenarro Aralarko legebiltzarkideak, berriz, Eusko Legebiltzarrak "une politiko honetan bake eta bizikidetza normalizatu bati lagundu" behar diola esan du.

Ezenarroren ustez, lantalde honekin "guztien artean elkarrizketa biltzaile baterako aukera ireki da, Euskadin bakea finkatzeko aldi berri bat, orain arte elkarrizketa eskema batean parte hartzeari uko egin dioten haiek presente egongo diren potentzialtasuna duelako, zehazki PPz ari naiz", erantsi du.

Azkenik, "lantaldeak izan dezakeen ahalmena ikusi aurretik hilik jaio" dela dioten guztiei bertan "parte hartu eta eztabaidatzeko" deia egin die Ezenarrok.

Aralarko zuzendaritzaren ohartarazpena Ezenarrori

Aralarrek iragarri egin du ez duela Eusko Legebiltzarrean astelehen honetan osatu den bake eta bizikidetzarako lantaldean parte hartuko; izan ere, "sentsibilitate eta indar politiko guztiek baldintza beretan parte hartzeko aukera baztertzen du". Halaber, ohartarazi egin du "Aralar legebiltzar taldeko edozein kidek bertan parte hartuz gero, bere burua alderditik kanpo jarriko du berriro".

Aralarko zuzendaritzak orain arte bakerako lantalde hori eratzearen aurka agertu duen jarrera berretsi du ohar batean. Aralar taldeko lau legebiltzarkideetako hiruk (Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe), baina, hori eratzearen aldeko botoa eman zuten, eta, hori dela eta, zuzendaritzak horien kontrako prozedura bat ireki zuten. Aralar alderdiaren Berme Batzordearen esku dago orain.

Aralarrek azpimarratu duenez, ez du lantaldean parte hartzeko hautagairik aurkeztu, eta hortaz, alderdia ez da bertan ordezkatuta egongo. Beraz, "legebiltzar taldeko kide batek bertan parte hartzen badu, bere izenean egingo du, ez alderdi politikoaren gehiengoaren iritzia ordezkatuz", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea