Politika -
Harremanetarako Taldea
'Sortu legeztatzean eta presoak hurbiltzean desagertuko da ETA'
Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak esan du prozesua "apur bat geldi" dagoela, baina "bide onetik" doala, eta Mariano Rajoyren Gobernuak urratsak emateko unea iritsi dela.
Erredakzioa
Alberto Spektorowski Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak azpimarratu du "Sortu legeztatzen dutenean eta presoak Euskadira hurbiltzen dituztenean" utziko dituela armak ETAk.
Spektorowski Shlomo Ben-Ami Israelgo Atzerri ministroaren aholkulari izandakoa da eta bere alboan izan zen Camp Davideko bakerako negoziazioetan. Israeldik Cadena Ser irratiari eskainitako elkarrizketan, prozesua "apur bat geldi" dagoela ohartarazi du, "gauzak mahai azpitik egiten ari direlako, Gobernuak urratsak azkartzea erabaki arte".
Nolanahi ere, prozesua "ondo bideratuta" dagoela nabarmendu du eta ziur agertu da "fitxak une egokian mugiaraziko" dituztela. "Horrek esan nahi du lehenago edo beranduago ETA betirako desagertuko dela bakegintza eta demokratizazio prozesutik", esan du.
Spektorowski espero du ETAk ulertuko duela "bere funtzioa amaitu" dela, ukatu egin du armak entregatzeko egutegi bat adostu dela ETArekin eta azpimarratu du une honetan Mariano Rajoyren Gobernuari dagokiola urratsak ematea.
"Orain presoak Euskadira hurbildu beharko lirateke eta Sortu legeztatu beharko litzateke", erantsi du.
Sortu ez legeztatzea, "golpe baxua"
Gauzak horrela, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen legez kanporatzea babesten badu, "golpe baxua izango litzateke eta erabateko demokratizatzerik eman ez dela esan nahiko luke", adierazi du.
"Honekin ez dut esan nahi demokraziarik ez dagoela, baina normalizazioa Euskadiko alde eta talde guztiek parte hartzeko eskubidea dutenean emango da eta areago Sorturen kasuan, indarkeria gaitzetsi baitu. Ez dago arrazoirik Sortu ez egoteko", azaldu du.
Era berean, Spektorowskik ezker abertzalearekin biltzeko eskatu dio Mariano Rajoyri, izan ere, "ezker abertzalea arduraz jokatzen ari da eta datozen hauteskundeetan emaitza oso onak izan ditzakeela mundu guztiak badaki".
Ildo horretan, presoak hurbiltzeko eskaera ere luzatu dio Espainiako Gobernuari, "eta ezer egiten ez badu, presoak dira egoeraren ondorioak pairatuko dituztenak".
Gainera, presoen auziari konponbide kolektiboa ematea posible dela esan du.
Gobernua-ETA elkarrizketak
Bestalde, Espainiako Gobernuak ETArekin elkarrizketak izateko bidea irekitzea logikotzat jo du. Alabaina, elkarrizketa prozesu hori hasteko Gobernuak izan ditzakeen zailtasunak ulertzen dituela ere esan du.
Hala eta guztiz ere, "dena aurrikusitako bidetik badoa elkarrekin hitz egin beharko duten unea helduko da eta, denborarekin, Gobernuak zailtasun horiek gaindituko ditu eta elkarrizketa prozesu horrek ETA eraldatzea edo erakunde bezala desagertzea ekarriko du", erantsi du.