Politika -

ETA-REN BIKTIMAK

ETAk hildako lehendabiziko haurra gogoratu du Eusko Jaurlaritzak, Azkoitian

Duela 42 urte, Jose Maria Piris 13 urteko mutil azkoitiarra hil zen ETAk jarritako bonba bat lehertuta, eta Fernando Garcia, 11 urtekoa, larri zauritu zen atentatu berean. Gaur, lehen aldiz, erakundeen aitortza ofiziala jaso dute.

Jose Maria Pirisen anaia eta Fernando Garcia, gaurko omenaldian, Azkoitian. Argazkia: EITB Media
Jose Maria Pirisen anaia eta Fernando Garcia, gaurko omenaldian, Azkoitian. Argazkia: EITB Media
Jose Maria Piris ETAk 1980an hildako 13 urteko haurra omendu dute Azkoitian

1:17

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1980ko martxoaren 29a. Larunbatero bezala, Jose Maria Piris eta Fernando Garcia 13 eta 11 urteko haurrak, hurrenez hurren, futbol partida jokatu ostean, etxera bueltan zihoazen, bigarren horren aitaren ibilgailuan. Azkoitiko Floreaga auzoan bizi ziren biak, eta bertan dagoen Atanotarren plazan jaitsi ziren ibilgailutik. Lurrean pakete beltz bat ikusi zuten, eta Jose Mariak hartu egin zuen. ETAk jarritako lehergailu bat zen.

Eztandaren ondorioz, tokian bertan hil zen Jose Maria. ETAk hildako lehendabiziko haurra izan zen. Fernando, berriz, larri zauritu zen. Poliziaren ikerketen arabera, auzoan bizi zen guardia zibil baten autoaren azpian jarri zuen lehergailua talde armatuak, eta ibilgailua martxan jarritakoan, lurrera erori zen, baina ez zen lehertu.

Gaur, 42 urte geroago, atentatu hartako biktimek erakundeen lehen aitortza ofiziala jaso dute, eta, besteak beste, Fernando Garcia atentatuan zauritutako azkoitiarra izan da bertan. Egun latz hartan bizitakoaz "irudi lauso bat" du buruan, eta memoria ariketa maiz egin izan duen arren, ez du irudi garbirik gogoratzen. "Umea nintzen, 11 urte baino ez nituen. Gogoan dut nire aitaren autotik atera ginela, eta bat-batean sekulako eztanda entzun nuela. Hortik aurrerakoaz, anabasa bat dut buruan. Anbulantziak, medikuak eta zarata asko. Ez dut beste ezer gogoratzen" esanez abiatu du kontakizuna.

Atentatuaren ondorioz, 20 egun egin zituen Donostiako ospitaleko ZIUn ingresatuta. Ikusmen eta entzumen urritasuna ditu ordutik. Patxadaz eta soseguz hitz egiten du gertatutakoaz, gorrotorik gabe. "Gurasoek hala erakutsi didate, beti aurrera egiten, atzera begira bizi gabe. Ez naute gorrotoan hezi, eta hori ikagaragarri eskertzen diet. Gorrotoak ez du ezertarako balio. Noski, atentatuaren egileei ez diet estimurik, baina oro har, jende zintzoa dago gizartean eta ni horrekin geratzen naiz", esan du.

80ko hamarkada zen, Trantsizioko urteak ziren eta ETAren indarkeria oso presente zegoen euskal gizartean. Artean mutil koxkorra izanda, testuinguru hartaz ez zela jabetzen aitortu du Fernandok, eta, ulertu ere, ez zuen gauza handirik ulertzen. "Gurasoak izan ziren gehien sufritu zutenak. Isilean eraman zuten dena, eta oso urte gogorrak izan ziren haientzat. Beldurra zegoen gaiaz hitz egiteko, eta jendeak beste aldera begiratzen zuen. Beste garai batzuk ziren, eta nire gurasoek ez zuten ez laguntza psikologikorik ez ekonomikorik jaso", gehitu du.

jose maria piris

Mendeku goserik gabe, bizitzaren egunerokoari eutsi eta aurrera egin beste helbururik ez duela izan nabarmendu du azkoitiarrak. Urteurreneko ekitaldiari buruz,  eta "inoiz ez dela berandu" aitortuta, sabelean korapilo txiki bat eragin diola aitortu du, "emozio nahasketa bat"; izan ere, besteak beste, Jose Maria zenaren anaiarekin lehen aldiz elkartu da. Azken hori Extremaduran bizi da atentatuaz geroztik. "Dena ondo atera dadila eta Jose Mariak merezitako aitortza jaso dezala", amaitu du.

Omenaldia 11:00etan egin da atentatua izan zen lekuan bertan, Azkoitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Extremadurako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak antolatuta. Duela bi urte zen egitekoa ekitaldia, 40. urteurrenean, baina atzeratu behar izan dute, pandemiaren eraginez.

Jose Maria Piris ETAk hildako lehen haurraren istorioa azaldu digu Fernando Garcia azkoitiarrak
Jose Maria Piris ETAk hildako lehen haurraren istorioa azaldu digu Fernando Garcia azkoitiarrak
Jose Maria Piris ETAk hildako lehen haurraren istorioa azaldu digu Fernando Garcia azkoitiarrak

1:43
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Atentatuak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Azkoitia Albisteak Nerabezaroa albisteak Terrorismoaren Biktimak