Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Iturgaiz, Feijoo hautatua izan ostean: "PPn oso ondo itxi dugu hemorragia"
EAEko PPren presidentearen hitzetan, bere alderdiari loteria egokitu zaio Alberto Nuñez Feijoo presidente berriarekin. "Kudeatzaile ibilbide handia dakar", esan du. EAEn ere kongresua egingo dute, beste autonomia erkidegoekin batera.
Mikel Dominguez | EITB Media
Carlos Iturgaiz EAEko PPren presidenteak uste du bere alderdiari loteria tokatu zaiola Alberto Nuñez Feijoo presidente hautatuta: "Oso ondo itxi dugu, oso ondo josi dugu. Oso argi genuen zerbait egin behar genuela, buruzagitza eta zuzendaritza nazionaleko pertsonak aldatu behar genituela".
EAEko popularren buruak azaldu duenez, Feijook ez die autonomia erkidegoei begiratu bere taldea osatzeko momentuan, politikari eta kudeatzaile onenak baizik. "Feijook ibilbide oparoa du kudeatzaile gisa, eta kudeaketan talde handia da", esan du.
Iturgaitzen ustez, bere alderdia "oso indartuta" atera da Sevillako kongresutik, eta bertan "pilak kargatu ditugu".
Euskadiko PPren kongresua alderdiaren beste bederatzi sail autonomikoetan egin behar direnekin batera egingo dela esan du Iturgaizek, horiek ere "falta" baitira. Espainiako PPren zuzendaritza-batzorde berria biltzen eta egutegi bat ezartzen duenean deituko dira. "Eskatu egin dut, beharrezkoa da eta ez da arazorik egongo", esan du Iturgaitzek.
Feijook ez dio Iturgaizi hautagai izateko eskatu, ezta ez izateko ere, baina euskal buruzagia beti egongo da "bere esanetara". "Oso PPkoa naiz, nire DNAn daukat. Onetan eta txarretan egon behar da, gustatzen zaizun horretan eta gustatzen ez zaizun horretan", dio Iturgaitzek. Militante guztiek Euskadiko PPn beren lekua dutela defendatu du.
PP+Cs koalizioren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea lehendakariarekin bilduko da arratsaldean, eta berriro luzatu dio eskua. EAJk bere talde parlamentarioak aurrekontuei egindako zuzenketak aintzat hartu ez zituela azaldu du. "Non daude EAJren moderazioa eta elkarrizketa? Neurri horietako batek ere ez du balio? EAJk Bildurekin akordioa nahiago zuen", esan du Iturgaitzek, eta" Sanchezen Gobernuari kaparra bezala lotuta egotea" leporatu dio EAJri.
Buruzagi popularrak Isabel Diaz Ayusok EAEra egingo duen bisitaz ere hitz egin du. bertan enpresariekin bilduko da: "Enpresari askok biltzeko eskatu diote, ezin duzu imajinatu ere egin". Iturgaizen arabera, euskal ostalariek, merkatariek, autonomoek eta enpresariek inbidiaz begiratu zioten Madrilgo Erkidegoari pandemia garaian.