Politika -

Eusko Legebiltzarra

EH Bilduk herritarrak, ekonomia, soldatak eta ongizate energetikoa babesteko plan bat proposatu du

Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko merkatu energetikoan esku hartzea, errentak babestea eta aberastasuna beste modu batez birbanatzea proposatu du koalizioak. Foro estrategiko bat osatu nahi du, alderdien eta eragileen parte-hartzearekin.

Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean.
Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarrean. EITB Mediaren bideo bateko irudia

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk "pertsonen, ekonomiaren, enplegu eta soldaten eta ongizate energetikoaren babesa" ardatz izango duen plana proposatu du Eusko Legebiltzarren Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak eztabaidatzeko osoko bilkuran.

Koalizioak eskatuta, Ukrainako gerraren ondorioen aurrean Eusko Jaurlaritzak hartu beharko lituzkeen neurrien inguruko saio monografikoa egin dute Legebiltzarrean. Iriarteren iritziz, monografikoa "mespretxuz hartu zuten" EAJk eta PSE-EEk, "modu zakar eta batzuetan iraingarrian". Horregatik, "sei asteko atzerapenarekin" egin dute saioa Legebiltzarrean, "EH Bildu tematu delako".

"Berrogeitapiko egun hauetan atrilera jaitsi naizen aldiro luzatu dizut elkarlanera gonbidatzeko proposamena, behin eta berriro, Urkullu jauna", esan dio lehendakariari.

Gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak hiru ardatzetan bildu ditu koalizioak. Batetik, botere publikoek merkatu energetikoan esku hartu behar dutela uste du EH Bilduk, egungo sistemak "huts egin duelako oinarrizko baliabide bat arrazoizko prezioan eskaintzeko orduan". Esku-hartzearen helburua "energiaren prezioa era egonkorrean erregulatzea" da, eta horrela herritarrek eta enpresek "etengabe sufritzen duten tentsionamendua" murriztuko edo ezabatuko litzateke.

Bestetik, soldatak babestea proposatu dute abertzaleek, azken hamarkadetan soldatetara bideratutako BPGaren portzentajea gero eta murritzagoa baita. Orain, gainera, inflazio handiari aurre egin behar diote langileek, eros-ahalmena gutxitzen zaien bitartean. Iriartek esan duenez, "sektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeei, gazteei eta migratzaileei" eragiten die batez ere.

Errentak babesteko, "lurraldeko gizartearen eta ekonomiaren neurrian egindako" gutxieneko soldata eta KPIren igoerari aurre egingo dion soldaten igoerak bermatzeko akordio zabala eskatu du EH Bilduk, negoziazio kolektiboaren bitartez.

Azkenik, aberastasunaren birbanaketa "erradikala" azpimarratu du EH Bilduk. Azaldu dutenez, egungo sistema fiskalak ez du birbanaketarako biderik ematen, eta beharrezkoa da fiskalitate justua. Helburua Europako "herrialde aurreratuen" pare jartzea da, "fiskalitate progresiboagoa eta bidezkoagoa" lortuta.

Premiazko neurrien artean aipatu dituzte prestazio sozialak eguneratzea eta babes sistemarako sarbiderako baldintzak malgutzea, baita egiturazko neurriak ere, "gure babes sistema birpentsatzea ere eskatzen baitu egoerak".

Babeserako ekonomia sustatzeko plan integrala

EH Bilduk proposatuko neurrien helburua herritarrei "segurtasuna eta babesa" eskaintzea da, aro aldaketa baten aurrean. "Merkatu global integratuaren apostolu neoliberalen iragarpenak bata bestearen atzetik erori dira, eta hain egonkorra zirudien zutoinak dar-dar batean dabiltza", esan du Iriartek.

Izan ere, "egiturazko" neurriak beharrezkoak dira EH Bildurentzat, eta horiek aztertzeko foro estrategiko bat eratzea proposatu du. Bertan estrategia orokorraz eztabaidatuko lukete eragile anitzek.

Bere hitzaldian, Iriartek Ukrainaren inbasioa arbuiatu du, eta errefuxiatuei "harrera duina eta diskriminaziorik gabea" egin behar zaiela aldarrikatu du. Horretarako, errefuxiatuak "artatzeko baliabideak indartu beharra" azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia 2024 EH Bildu Bizkaia Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Elektrizitatea Errusia-Ukraina gerra gaur