Itxi

Politika

fRANTZIAKO HAUTESKUNDEAK

Macron gailendu da Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen lehenengo itzulian, Le Penen aurretik

AGENTZIAK | eitb media

Frantziako presidentea eta eskuin muturreko hautagaia lehiatuko dira bigarren itzulian, hilaren 24an, botoen % 27 eta % 23 jasota, hurrenez hurren. Hirugarren Melenchon ezkertiarra izan da, eta jada eskatu du ultrari botorik ez emateko. Kanpoan geratu diren hautagai nagusiek Macronen alde egin dute.

0:43
Emmanuel Macron eta Marie Le Pen. Argazkia: EFE.

Emmanuel Macron zentrista eta Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaia lehiatuko dira Frantziako Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, igandeko bozketan lehenengo bi hautagaiak izatea lortu ostean, botoen % 100 zenbatuta.

Macronek botoen % 27,84 eskuratu ditu, eta Le Penek % 23,15, aipatu datuen arabera.

Macronek duela bost urte lortutako emaitza hobetu du, lehenengo itzulian % 24,01ean geratu baitzen, baina Le Penek ere egin du gora, % 21,3tik, hain zuzen ere.

Gainera, Macronek inkestek aurreikusitakoa baino babes handiagoa lortu du, eta galdeketa horiek bera jartzen dute apirilaren 24ko bigarren itzulirako faborito, baina 2017an baino alde txikiagoarekin, orduan Le Penen bikoitza jaso zuen eta.

Jean-Luc Melenchon ezkertiarrak eskura izan du bigarren itzulirako txartela, botoen ia % 22 eskuratu dituelako, 2017an baino bi puntu gehiago.

Iritzi ezberdinak batuko dituen "zerbait berria asmatzeko prest" agertu da Macron

Alde handira, laugarren tokian, eskuin muturreko beste hautagaia geratu da, Eric Zemmour, botoen % 7,07 bilduta.

Valerie Pecresse eskuin kontserbadoreko presidentegaiak alderdiaren historiako emaitza txarrena izan du, babesen 4,78 % jasota. Antzeko emaitzak eskuratu ditu Yannick Jadot ekologistak, botoen % 4,58 eskuratuta, hain justu.

Macroni botoa eman ez dieten guztien babesa eskatu du Le Penek bigarren itzulirako

Jean Lassalle landa eremuaren defendatzaileak botoen % 3,13 jaso ditu, eta hortik behera geratu da Fabien Roussel komunista (% 2,28). Anne Hidalgo Parisko alkate sozialistak, berriz, hondoa jo du (% 1,75), alderdiaren inoizko emaitzarik txarrenak eskuratuta. Nicolas Dupont-Aignan Frantzia Zutik alderdikoak antzeko datuak lortu ditu.

Philippe Poutou eta Nathalie Arthaud hautagai trostkistak % 1etik behera geratu dira, aurreikuspenen arabera.

Babesak

Valerie Pecresse kontserbadoreak, Fabien Roussel komunistak, Yannick Jadot ekologistak eta Anne Hidalgo sozialistak bigarren itzulian Macronen alde egiteko eskatu diete jada euren boto-emaileei, eta Melenchon ezkertiarrak Le Peni botorik ez emateko eskatu du. Ondorioz, egungo presidenteak errazago izango du bigarren itzulian garaipena eskuratzea.

"Borrokaren beste orri bat irekiko da. Zuetako bakoitza dago hartu beharreko erabakiaren aurrean. Badakit haserre zaudetela. Ez utzi haserrearen ondorioz konpontzeko zaila izango litzatekeen akatsa egiten", adierazi du Melenchonek. "Badakigu nori ez diogun sekula botorik emango. Ezin diogu boto bat bera ere eman Le Pen andereari", berretsi du.

Bigarren itzulian Le Pen geldiarazteko deia egin dute galtzaile gehienek

Jadotek, bere aldetik, bigarren itzulian "eskuin muturra blokeatzeko" eskatu du, eta Pecressek esan du "kontzientziarekin" emango diola botoa Macroni, "Marine Le Pen botererera irits ez dadin".

Anne Hidalgo Parisko alkateak ere Macronen aldeko botoa eskatu du, "Marine Le Penen eskuin muturrari aurre egiteko". "Serio eskatzen dizuet Marine Le Penen eskuin muturraren aurkako botoa emateko Emmanuel Macronen boto-paperarekin", esan du.

Rousselen esanetan, "inoiz ez nuke proiektu arrazista eta xenofobo batek Frantziaren ardura hartzen utziko. Erabaki hau hartu dut, eta badakit geroz eta zailagoa dela esatea", adierazi du.

Zemmour ultraeskuindarrak, berriz, aurreikusita zegoen moduan, Le Penen alde egingo du apirilaren 24an.

Ipar Euskal Herria

Ipar Euskal Herria eta Bearno barne hartzen dituen Pirinio Atlantikoen departamenduan, parte-hartzea % 81,57koa izan da, eta Macron nagusitu da, botoen % 27,6 jasota; bigarren Le Pen izan da, ia 10 puntura (% 17,9); eta hirugarren, Estatuan ez bezala, Lassallek aurrea hartu dio Melenchoni, % 17,07 eta % 17,02ko babesarekin, hurrenez hurren. Zemmourrek, berriz, botoen % 5,47 eskuratu ditu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena