Politika -
ALDERDI POPULARRA
Madrilgo PPk maiatzaren 20an eta 21ean egingo du kongresua
Hala iragarri du Elias Bendodo Alderdi Popularreko koordinatzaile nagusi berriak. Hau izango da alderdiak hainbat lurraldetan aurreikusita dituen kongresuetatik lehena.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Madrilgo PPren kongresua maiatzaren 20an eta 21ean egingo da. Hala, ia lau urtez alderdiaren zuzendaritza autonomikoa gestore baten esku egon ondotik, etapa horri amaiera emango zaio.
Elias Bendodo Alderdi Popularreko koordinatzaile nagusi berriak eman du prentsaurreko batean albistearen berri, eta azaldu duenez, Pio Garcia Escudero Madrilgo PPren kudeatzailearekin harremanetan jarri ostean, kongresua maiatzaren 20tik 21era egitea erabaki dute.
Hori izango da alderdiak hainbat lurraldetan egiteke dituen 11 kongresu autonomikoetako lehena, eta, Bendodok PPren egoitza nagusitik azaldu duenez, "lehenbailehen" deitu nahi dira, ahal bada uda baino lehen. Gaineratu du urtebetean udal eta hauteskunde autonomikoak egingo direla, eta ordurako PPko zuzendaritzak "hautagai onenak" bilatu behar ditula.
Kongresuok hurrengo Zuzendaritza Batzorde Nazional batean deituko dira ofizialki, eta Madrilgoa izango da garrantzitsuena, data horixe izan baita Ayusoren eta Pablo Casado buru zuen alderdiaren aurreko zuzendaritzaren arteko liskarraren arrazoietako bat.