Politika -
Gaur, 21:00etatik aurrera
Sarkozy inkestak iraultzen saiatuko da Hollanderen kontrako eztabaidan
Frantziako presidentearen esperantza bakarra telebistako eztabaida irabaztea da igandeko hauteskundeetan hautagai sozialistari aurrea hartu ahal izateko.
Erredakzioa
Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta François Hollande hautagai sozialista hauteskunde-kanpainako azken orduetan sartzen ari dira eta Frantziako presidentearentzat gaur telebistan egingo duten eztabaida izan daiteke inkestei buleta eman eta hauteskundeak irabazi ahal izateko azken aukera.
Hollandek, berriz, kanpaina amaitzea nahi du, izan ere, ez du dena pikutara bidali nahi telebistan egingo duten bi ordu eta erdiko eztabidan.
Frantziako presidentea, bere aldetik, dagoeneko hasi da eztabaida berotzen, Hollande koldarra dela esan baitu telebistan eztabaida gehiago egiteari uko egin ziolako.
"Sarkozyk 1,5 milioi boto-emaile erakarri beharra ditu. Ez da erraza izango, baina horrek ez du esan nahi ezinezkoa izango denik", adierazi du Bernard Sananes inkestak egiten dituen CSA enpresaren zuzendariak.
Hollanderi % 6-10 inguruko abantaila ematen diote inkestek maiatzaren 6ko bigarren itzulirako eta Marine Le Pen eskuin muturreko hautagaiak ez dio Sarkozyri babesa eman nahi izan.
Era berean, Sarkozy ez da momentu onenean iritsi kanpainaren amaierara. Muamar Gadafi Libiako buruzagi ohiak Sarkozyren 2007ko hauteskunde kanpaina finantzatu zuela argitaratu berri du webgune batek eta Frantziako presidentea atariaren kontrako neurri judizialak hartu ala ez pentsatzen ari da.
Eztabaida 21:00etan hasiko da, ezin izango da bi ordu eta erdi baino gehiago luzatu eta France 2k eta TF1ek emango dute zuzenean.