Politika -
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Gomazko pilotak erabiltzeari ertzain guztiek uzteko eskatu dute
Halaber, Iñigo Cabacasen heriotza dela eta egon daitezkeen "erantzunkizunak argitzeko" eskatu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen instituzional batean.
Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusiek Iñigo Cabacas Athleticeko zalearen heriotzaren inguruan egon daitezkeen "erantzunkizun guztiak argitzeko" eskatu dute eta Herrizaingo Sailari "Ertzaintzaren unitate guztietan gomazko pilotak botatzeko eskupetak erabiltzeari uzteko" eskatu dute.
Foru Ganberako presidenteak Gernikako osoko bilkuran irakurritako adierazpen instituzionalak joan den apirilaren 5ean Athletic-Schalke 04 partidaren ostean izandako gertakariak ekarri ditu gogora, bertan, hain zuzen Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz zauri larriak jasan zituen Cabacasek eta egun batzu geroago hil egin zen.
Bizkaiko Batzar Nagusiek Cabacasen heriotza "ahalik eta azkarren argitzeko" eskatu dute eta "egon daitezkeen erantzunkizunak zehazteko" exijitu dute.
Azkenik, Herrizaingo Sailari gomazko pilotak botatzeko eskopeten erabilera, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako Errefortzu taldeetan ezezik beste unitate guztietan ere mugatzeko eskatu diote.