Politika -

Espioitza politikoa

Espainiako Gobernuak dio ez duela Pegasusen auzian "ezkutatzeko ezertxo ere"

Espainiako Estatuaren zuzenbide-izaera demokratikoa azpimarratu du Espainiako gobernu-bozeramaileak. Ez du baieztatu, ez ukatu, CNIk Pegasus sistema erabili duenik, "badira legez, sekretupean tratatu behar diren gaiak", esan du.

Isabel Rodríguez, hoy. EFE
Isabel Rodríguez, hoy. EFE
Isabel Rodríguez, hoy. EFE

O.P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Rodriguez Lurralde Antolamenduko ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan du Sanchezen Gobernuak ez duela, politikari independentisten ustezko espioitzari dagokionez, "ezer ezkutatzeko, ezertxo ere ez" .

Hala azpimarratu du kazetarien galderei erantzunez Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, eta Espainiako Estatuaren izaera demokratikoa eta zuzenbidezkoa azpimarratu du behin eta berriz: "Gobernu honek ez du onartuko gure herriaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzea. Berriro diot, Espainia estatu demokratikoa eta zuzenbidezkoa da, norbanakoen eskubideak eta askatasunak goitik behera errespetatzen dituena ", baieztatu du.

Ildo horretan, ziurtatu duenez, "herrialde honetan ez da elkarrizketarik zelatatzen, ez da elkarrizketarik kontrolatzen eta ez da informaziorik kontrolatzen, legearen eta zuzenbidearen babesean ez bada"; berme demokratikoa "erabatekoa" dela eta oinarrizko eskubideen edozein mugaren aurretik errekerimendu eta erabaki judizial arrazoitu bat egon behar dela azpimarratu du.

Espainiako Gobernua justiziarekin "erabateko lankidetzan" aritzeko prest dagoela adierazi du, "auzitegietatik hala eskatzen badigute".

CNIk Pegasus sistema erabili ez zuela ziurta dezakeen galdetuta, Rodriguezek sekretu ofizialen legea ekarri du ahora: "Badira segurtasun nazionaleko gai batzuk, gai sailkatuak eta sekretuak direnak, eta ezin dut horien berri eman legeak debekatzen didalako".

Gobernuak gaiari buruzko azalpenak emateko agerraldia egingo ote duen erantzun gabe, Rodriguezek jakinarazi du Margarita Robles Defentsa ministroak, bere ekimenez, agerraldia eskatu duela parlamentuan, bere ministerioko gaiak jorratzeko, besteak beste, ustezko espioitza politikoa, ordezkari politikoek hala nahiko balute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Delituak bideoak Espainiako Gobernua EH Bildu Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Generalitatearen albisteak Sekretu Ofizialen Legea gaur Pegasus auzia