Politika -

Gasteiz

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaile ohiak iragarri du akordioa lortu duela Fiskaltzarekin

Larrionek dimisioa eman zuen iazko otsailean, alderdikide baten nortasun agiriarekin kontu korronte bat irekitzen saiatu eta gero. Buruko osasun arazoak "aringarri" gisa onartu dizkiote, eta lan komunitarioak egin beharko ditu.

Miren Larrion, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Miren Larrion, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EITB Media
Miren Larrion, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko bozeramaile ohiak iragarri du akordioa lortu duela Fiskaltzarekin. Politikari abertzaleak kargua utzi behar izan zuen iaz, alderdikide baten nortasun agiriarekin kontu korronte bat irekitzen saiatu eta gero. Hori dela eta, Ertzaintzaren aurrean deklaratu behar izan zuen, beste pertsona baten nortasuna ordezkatzea eta agiriak faltsutzea egotzita.

Ostegun honetan, auzi horretako arlo judizialean Fiskaltzarekin akordioa lortu duela iragarri du Larrionek berak, sare sozialetan publikatutako mezu batean. Ohar berean, "diagnostikatua" izan dela azaldu du, eta oraindik ere "tratamenduan" dagoela; izan ere, "buruko osasun arazoekin" lotu du egindakoa.

"Bada urtebete pasatxo akats bat egin eta aitortu nuenetik. Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela. Zortea izan nuen, eta oihu hura entzuna izan zen. Honela, behar nuen arreta jaso nuen, diagnostikatua eta tratatua izan naiz Osakidetzako lantalde profesional bikain baten laguntzaz", adierazi du.

Ministerio Publikoarekin lortutako akordioaren inguruan, EH Bilduren bozeramaile ohiak zehaztu du buruko osasun arazoak "aringarri" gisa onartu dizkiotela, eta "laster" lan komunitarioak egingo dituela.

Miren Larrion EH Bilduren agintari garrantzitsuenetakoa zen. Koalizioaren bozeramailea zen Gasteizko Udalean 2015etik, eta legebiltzarkidea izan zen 2016-2019 epean. Arnaldo Otegiren ordezkoa izan zitekeela ere zabaldu zen hainbatetan, baina auzi honek haren ibilbide politikoa zapuztu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak