Politika -
ESPIOITZA POLITIKOA
Generalitatearekin bilduko da gaur Bolaños, espiotza politikoaren polemikaz hitz egiteko
Laura Vilagra Generalitateko Presidentetza kontseilariarekin du hitzordua, 10:00etan. Espainiako Gobernutik jakinarazi dutenez, eskandalua lehertu zenetik azken egunotan izandako "elkarrizketen jarraipena" izango da.
EITB MEDIA
Kataluniako eta Euskal Herriko 65 politikari independentisten eta haien ingurukoen kontrako espioitza politikoaren polemika lehertu eta sei egunera, Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroa Bartzelonara joango da igande honetan, Generalitateko ordezkariekin biltzera. Hain zuzen, Laura Vilagra Kataluniako Gobernuko Presidentetza kontseilariarekin du hitzordua.
Espainiako Gobernuak ohar bidez jakitera eman duenez, eskandalua lehertu zenetik bi aldeen artean abiatutako elkarrizketei jarraipena emango diote gaurko bilerarekin. Generalitatearen Jauregian batzartuko dira, 10:00etan, eta ondoren hedabideen aurrean adierazpenak egingo dituzte.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente denetik, Kataluniarekin duten harremana mantentzea eta "elkarrizketarako borondateari eustea" oso garrantzitsuak direla nabarmendu dute bileraren berri emateko igorri duten idatzian. "Gobernu honek elkarrizketarako eta akordiorako borondateari eutsiko dio", zehaztu dute.
"Elkarlan instituzionala eta elkarrizketa" erdigunean jarrita, azken urteotan egindako bidea da bi exekutiboen arteko harremanaren isla, Espainiako Gobernuak esan duenez. "Nondik gatozen eta non gauden gogoratzea garrantzitsua da. Guk bide horri eustearen alde lan egingo dugu. Kataluniarrek, bereziki, eta espainiarrek, oro har, eskertu egingo dute", gehitu dute oharrean.
Bien bitartean, larunbatean, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Laneko eta Gizarte Ekonomiako ministroak ohartarazi zuen salatutako espioitza ez dela "inolaz ere onargarria demokrazia batean", eta aitortu zuen beldur dela telefonoz hitz egiten duenean bera ere zelatatuko ote duten.
Pegasus ziberespioitza programaren bitartez egindako espioitza politikoari buruz aritu zen Diaz, Catalunya Ràdio irratian: "Ezagutu ditugun gertakariak oso larriak dira. Ez dira onargarriak gurea bezalako gizarte demokratiko batean".
Telefonoz hitz egiten duenean "lasai" dagoen galdetu ziotenean, Diazek honakoa erantzun zuen: "Ez, ni ez". Zelatatuko ote duten beldur den galdetu ziotenean, berriz, presidenteordeak azpimarratu zuen: "Bai, egia esateko, bai".