Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Espainiako Estatuak onartu behar du Gernikako bonbardaketa "ez zela ondo egon", Unai Rementeriaren arabera

Bizkaiko ahaldun nagusiak ez du ulertzen zer gertatzen zaion Espainiako Estatuari egindakoa gaizki egon zela ez onartzeko.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Euskadi Irratian
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 23:33

Onintza Aiestaran | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gernikako bonbardaketa gertatu zenetik 85 urte betetzen diren egunean, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak uste du oraindik falta dela Espainiako Estatuak esatea "ez zela ondo egon". Zentzu horretan, agintariak ez du ulertzen zer gertatzen zaion Espainiako Estatuari hori ez onartzeko. "Barruko mamuak" egon daitezkeela iradoki du: "Beti esan da Espainia bitan zatituta dagoela gorriak eta urdinak, akaso hori izango da", gaineratu du. Euskadi mailan, ostera, zentzu horretan sentimendua bakarra eta potentea dela nabarmendu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan.

Europan eta munduan zehar gertatu diren guda eta mundu gerren aurrean hainbat herrialdek hartutako jarrera jarri du adibide gisara: "Hainbat estatu demokratikok onartu egin dute eta ez dute inolako arazorik izan hori onartzeko".

Urdaibain egin asmo duten Guggenheim museoaz galdetuta, aurtengo urtean horri lotuta "berri onak" izatea espero du Unai Rementeriak. Ikuspuntu guztietatik, eskualderako, Euskadirako, turismorako, jarduera ekonomikorako, proiektu ona dela defendatu du. "Proiektua ona denean martxan jarri behar da", gehitu du. 

Gernika albo batera utzita, bestelako gaiak ere hizpide izan ditu Unai Rementeriak. Ezegonkortasun garai hauetan, ez du begi onez ikusten zergak orain murriztea. "Zergek egonkorrak izan behar dute, oreka bat mantendu behar da", azaldu du. Are gehiago, koiunturaren arabera aldatuz gero, horren hitzetan, "ez genuke amaierarik".

Usansolo herri bihurtzeko prozesuari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundia gaia aztertzen ari da hurrengo pausoak emateko. Espainiako legearen arabera, ezin dira 5.000 biztanletik beherako udalerriak banatu; foru arauaren arabera, ostera, 2.500 nahikoa dira. Printzipioz, ahaldun nagusia foru araua lehenestearen aldekoa da, baina zein ondorio juridiko izango lituzkeen kontuan izan behar dela onartu du. Usansolok zer izan nahi duen erabakitzeko eskubidea duela eta azken erabakia Batzar Nagusietan hartuko dela adierazi du.

Legegintzaldia amaitzeko urtebete falta den honetan, azpimarratu du egonkortasuna berreskuratzea duela bere lehentasun nagusia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Politika albisteak Bizkaiko albisteak Gernika-Lumo albisteak Bizkaiko diputatu ohia Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Euskadi Irratia