Politika -
85. urteurrena
Gaitzespena "positiboa" dela adierazi du lehendakariak, baina "pauso gehiago" eskatu ditu
Urkulluk ohartarazi du "urrats gehiago" egin behar direla etorkizunean, "gezur asko" dagoelako oraindik Gernikako bonbardaketaren inguruan.
AGENTZIAK | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du "pauso positiboa" dela Espainiako Gobernuak Gernikako bonbardaketa aurrenekoz gaitzetsi izana eta omenaldi ekitaldietan ere lehenengoz parte hartu izana.
Nolanahi ere, etorkizunean "urrats gehiago" egin behar direla ohartarazi du, "egia oinarri duen memoria eraikitzeko". Izan ere, Gernikako bonbardaketaren inguruan gaur egun oraindik ere "gezur asko" dagoela salatu du.
Alemaniako Armada naziak bonbardatu zuen herri bizkaitarra gaur 85 urte, italiar faxisten laguntzarekin, baina Gerra Zibilean frankisteen alde egiteko.
Arratsalde honetan, ekitaldia eta lore eskaintza egin dituzte Gernikan, bonbardaketaren 85. urteurrena oroitzeko. EAEko gobernuburua ez ezik, Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuaren Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria eta Sergii Solovey Ukrainaren Enbaxadako lehen idazkaria ere izan dira ekitaldiotan.
Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Urkulluk esan du aurtengo urteurrena berezia dela, eta Errusia Ukraina bonbardatzen ari dela ekarri du gogora.
"Aspalditik eskatzen genuen Espainiako Gobernuak duela 85 urteko sufrimendua aitortzeko eta Errepublikako Gobernu zilegiari egindako erasoa gaitzesteko", nabarmendu du lehendakariak.
Hori dela eta, pauso positibotzat jo du Pedro Sanchezen Gobernuak gaur egindako adierazpena, eta Martinez Lopez ekitaldian izatea.
Horren esanetan, gaurko egunak balio izan behar du "mundu justoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko" eta Gerra Zibilak eragindako "sufrimendua" aitortzeko.