Politika -
Radio Euskadin
Barcinak ez du funtzionarioen lanaldia handitzea baztertzen
Diru-sarreren aurreikuspena iragarritakoa baino txikiagoa dela esan du Barcinak; horregatik, "edo doitze neurriak hartzen ditugu edo zergak igotzen ditugu. Edo bi gauzak", adierazi du.
Erredakzioa
Funtzionarioen lanaldia handitzea eta zerga amnistia mahai gainean daudela esan du Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak, nahiz eta Nafarroako Gobernuko bazkidea, PSN, aurka azaldu den.
Radio Euskadiko elkarrizketa batean, funtzionarioei lanaldia handitzea aztertu beharreko neurria dela esan du, "beste ahalegin bat da, baina beste gauza batzuk ez egiteko egin beharko da".
Ildo honetan, aurtengo diru-sarreren oraingo aurreikuspena Aurrekontuak egitea iragarritakoa baino 160 milioi euro gutxiagokoa dela adierazi du; horregatik, "edo doitze neurriak hartzen ditugu edo zergak igotzen ditugu. Edo bi gauzak".
Honen harira, zerga amnistia ere ez du baztertu eta gustatzen ez zaion arren, Ogasunari zerga paradisuetan dagoen dirura iristea ahalbidetzen diola nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren "kopia zehatza" egitea ukatu du, eta PPren erabakiren batek "foru erregimenari eragingo balio, helegitea aurkeztuko genuke, dudarik gabe", adierazi du.
Hezkuntzako eta Osasuneko murrizketen inguruan galdetuta, "ongizatearen oinarriak dira" Barcinarentzat, beraz, "erreforma beharrezkoa da, egungo egoerarekin bat egiteko, hau da, bizi itxaropena handitzearekin eta gaixotasun kronikoekin sortutako beharrekin bat egiteko".
Gobernuak ETAko presoen gizarteratzeko iragarri duen planaz ere hitz egin du eta "orain arte bezala, legeak ezarriz jarraitzearen alde" azaldu da. "ETAk eman behar du pausoa, armak utzi, txanoak kendu eta biktimei barkamena eskatu, demokraziako egiazko heroiei", esan du. Bestetik, errespetua adierazi die "nazioarteko bitartekariei", baina "gure etorkizuna guk erabaki behar dugu", zehaztu du.
Azkenik, legegintzaldi honetan Konstituzioa aldatuta Rajoyk Nafarroa eta Euskadi batzea ahalbidetzen duen "laugarren xedapen iragankorra" ezabatzeko konpromisoa beteko duela espero du Barcinak. Hala ere, orain garrantzitsuena krisia eta langabezia direla gaineratu du, eta xedapen horri "lehentasuna" ematen ez bazaio, "pentsa zein lehentasun maila izango duen ETB LTD bitartez Nafarroan ikusteko aukerak", nabarmendu du.