Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Solana: "PSNk euskarafobia dela-eta ezarri nahi du PAI programa Nafarroan"

Geroa Baiko parlamentaria oso kritiko azaldu da PSNk gaur Nafarroako Parlamentura eramango duen lege proposamenarekin. Sozialistek ingelesa "Nafarroako hizkuntza propio bihurtu" nahi dutela salatu du, gehiengo sindikala eta Gobernuko bazkideak kontra dituela, gainera.

Solana, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media
Solana, aurreko elkarrizketa batean.
Solana, aurreko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB Media

play icon 7:40

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria oso kritiko azaldu da PSNk gaur Nafarroako Parlamentura eraman behar duen lege proposamenaren kontura. PAI ingelesez ikasteko programa blindatzeko zirriborroa aurkeztu dute sozialistek, eta itxura guztien arabera, Navarra Sumaren botoekin aterako dute aurrera (exekutiboaren gainerako bi bazkideak —Geroa Bai eta Ahal Dugu— eta EH Bildu eta I-E kontra daude).

Auziaren jatorrian "euskarafobia" dagoela salatu du parlamentariak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Izan ere, azaldu duenez, PSOEk "oso kontrako jarrera" du PAIren edo ingelesa lehenesten duten programen kontura, "Nafarroan izan ezik. Zergatik? Euskara dela eta. Estatuan ematen ez dena, Nafarroan ezarriko dute, euskarafobia dela eta", nabarmendu du.

PAI ingelesezko irakaskuntza programa (ikasgaien % 40 atzerriko hizkuntza horretan ematen dira) 2011-2012 ikasturtean ezarri zuen UPNren Gobernuak. Gaur egun, Nafarroako 116 ikastetxetan dago programa eta irakasleriaren % 70 behin-behinekoa da. Hain justu, 350 irakasle horien lanpostuak egonkortzea "ezinbestekoa" dela argudiatuta aurkeztu du lege proposamena PSNk, urgentziaz.

Solanaren hitzetan, "PSNk ekarri zuen lege proposamenak zalantza asko sortu zizkigun, segurtasun juridikoari dagokionez batez ere, baina gerora Navarra Sumak aurkeztu dituen zuzenketak ikusita, aurrera atera daitekeen legea delirantea izango da". Esparzaren koalizioak PAI programa hizkuntza eredu bihurtu nahi du, D ereduaren pareko izan dadin.

Azaldu duenez, sozialistekin batera Nafarroako Gobernua osatzen duten bi alderdiek, Geroa Baik eta Ahal Duguk, irizpena eskatu zioten Nafarroako Kontseiluari. PSNren proposamenaren arabera, lanpostua eskuratu nahi duten irakasleei ingeleseko C1 hizkuntza eskakizuna eskatuko zaie derrigorrez, baina Estatuko araudiak gazteleraz edo euskara bakarrik eska daitekeela dio. Legearen segurtasun juridiko eza "egundokoa" dela uste du Solanak, "baina ez guk bakarrik, hainbat adituk, teknikarik eta gehiengo sindikala oso zabal batek ere hala uste du. "Ingelesa Nafarroako hizkuntza propio bihurtu nahi dute", salatu du.

Horrez gain, PSN "kolore bakarreko gobernuan egongo balitz bezala" jokatu duela kritikatu du Solanak. "Ez du aintzat hartu koalizio gobernu batean dagoela, Geroa Bai eta Ahal Dugu kontra gaude. 3tik 2 ari dira esaten hori ez dela bidea, eta halere, PSNk bidea egin du, Navarra Sumaren babesa izango duelakoan. Ez da lehen aldia", deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Politika albisteak Iruñeko argazkiak UPN PSN Geroa Bai Nafarroako albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentua Euskadi Irratia Hezkuntza