Itxi

Politika

Nafarroa

Zer da PAI programa eta zertan datza Nafarroako Parlamentuak onartu duen egitasmoa?

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Duela 10 urte Barcinaren gobernuak ezarritako ingelesezko irakaskuntzaren programa "blindatzeko" lege proposamenari bide eman dio Foru ganberak, PSNren eta Navarra Sumaren aldeko botoekin.

  • Hainbat haur Iruñeko eskola batera sartzen.

    2011-2012 ikasturtetik dago martxan PAI programa Nafarroan. EFE

Nafarroako Gobernuak 2011-12 ikasturtean jarri zuen martxan Atzerriko Hizkuntzetan —ingelesa, zehazki— Ikasteko Programa (AHIP), gaztelerazko PAI siglengatik ezagunagoa dena. UPNren exekutiboak orduan argudiatu zuenez, programak hezkuntza eleanitza jasotzeko eskubidea bermatzea zuen helburu "ikaslearen errentaren eta bizitokia zein zen gorabehera".

Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik hasita, hizkuntzaren alorretik kanpoko ikasgaiak ingelesez garatzen dituzte (ikasgaien eta ordutegiaren % 40 atzerriko hizkuntzan ematen dute). 40 ikastetxetan ezarri zuten aurrena, eta hurrengo ikasturtean, 60 zentrora zabaldu. 10 urteotan hazten jarraitu du, eta gaur-gaurkoz 116 ikastetxetan, publiko zein itunpeko, dago indarrean.

Hasieratik bertatik zalantzak sortu zituen programak. Irakasleria ingelesez eskolak emateko nahikoa trebatuta ez zegoela-eta kezka agertu zuten sindikatuek. Alderdi abertzaleen ustez, bestalde, D eredua "ahultzeko asmoa" zerion programari.

2013an polemika sortu zuten orduko presidente erregionalistak, Yolanda Barcinak, telebista kate batean esandakoek. Izan ere, aho bizarrik gabe honakoa aitortu zuen: "Orain euskaraz ikasteko eskaria ez da horren handia beste hizkuntza bat eskaintzen ari garelako: ingelesa. Apustu handia ari gara egiten, eta 60 ikastetxetan ezarri dugu jada". Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin behar izan zuen UPNko buruzagiak, adierazpenok argitzeko.

Ordutik, ez dira gutxi izan programa jomugan izan dutenak. Iaz, aurrenekoz, eredu horretatik ateratzeko baimena eman zion Nafarroako Gobernuak Castejongo ikastetxe bati. Zentroko zuzendariak salatu zuenez, "programak huts egin du".

PSNren lege proposamena

Nafarroako Alderdi Sozialistak joan den apirilaren 8an Parlamentuan aurkeztutako lege proposamen batek berriro ekarri du programa hizpidera. Sozialisten arabera, Espainiako Gobernuak lanpostu publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko dekretuak "behartuta",  "ezinbestekoa" da egun PAI programan aritzen diren 350 irakasleen lanpostuak egonkortzea.

Horretarako, irakasleoi ingelesezko C1 hizkuntza eskakizuna derrigorrez eskatzearen alde egin zuten proposamenean, Espainiako legediaren arabera gaztelera eta euskara soilik eskatu daitezkeen arren. "Hori da lanpostuak egonkortzeko modu bakarra", argudiatu zuen Ramon Alzorriz PSNko bozeramaileak. Navarra Sumaren botoei esker, aurrera atera zen ekimena Parlamentuko Bozeramaileen Batzordean (osoko bilkuran eztabaidatzeko lehen urratsa da), eta Geroa Baik eta Ahal Duguk irizpena eskatu zioten Nafarroako Kontseiluari, segurtasun juridikoaren aldetik "zalantzagarria" iritzita.

Kontseiluaren txostenaren zain egon barik, osoko bilkurara eraman du egitasmoa sozialistek, eta aurreikusten zen bezala, onartu egin dute Navarra Sumaren aldeko botoekin.

Lege proposamena onartzeko bidesaria ordaindu behar izan dute, nolanahi ere, sozialistek (gobernukideek eta gobernua sustengantzen duten alderdiak kontra agertu dira hasieratik). Izan ere, euren babesa izateko PSNk koalizioaren hiru zuzenketak onartu beharko zituztela ohartarazi zien Javier Esparza bozeramaileak. Batetik, PAI programa hizkuntza eredu bihurtzeko "beharrezko urratsak ematea". Hartara, PAI D ereduaren pare egongo da etorkizunean.

Bigarrenik, plazak finkatu ondoren, gaztelaniazkoengatik edo euskarazkoengatik aldatu ezin izatea eskatu zuen Na+ koalizioak. Hala, lanpostua eskuratu duen irakasle euskaldun bat ezingo da gero D eredura aldatu.

Hirugarrenik, PAI programan dauden ikasleek D eredukoek dituzten "baldintza berberak" izango dituzte. Hots, garraioa eta jantokia ordaintzeko dirulaguntzak izango dituzte eskura euren jatorrizko herrian horrelako ikastetxerik ez dagoenean.

Legea babestu ez duten indarren eta sindikatuen arabera, arauak "ez du segurtasun juridikorik" eta litekeena da horren kontrako errekurtsoak egotea. Ikusteke dago, beraz, zein ibilbide egiten duen gaur Nafarroako Parlamentuak onartu duen foru arauak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena