Politika -
SOS Arrazakeriaren salaketa
PPren testu batek gorrotoa pizten duen ikertzea eskatu dute
''Aurretik, bilbotarrak. Etxebizitza publikoa esleitzeko sistema bidezko baten alde'' lelopean liburuxka bat banatu du Bilboko PPk hiriko etxebizitzetan.
Erredakzioa
Etxebizitza publikoa esleitzeko sistemaren inguruan Bilboko PPk hiriko etxebizitzetan banatu duen liburuxka baten edukia delitu izan daitekeen aztertzea eskatu dio SOS Arrazakeria elkarteak Fiskaltzari, elkarteak berak ohar batean iragarri duenez.
Joan den astean, Cristina Ruiz Bilboko PPko bozeramaileak Bilboko Udalean etxebizitza publikoa kudeatzeko ardura duen erakundearen araudia aldatzeko eskatu zuen, ''esleipen sistema bidezkoago bat lortzeko''. Ruizen ustez, oraingo sistemak ''etorkinen alde'' egiten du, bilbotarrak ''diskriminatuz''.
Gainera, PPko Bilboko bozeramaileak iragarri zuenez, eskaera hori jasotzen duen liburuxka baten 50.000 ale banatu zituzten hiriko etxebizitzetan, ''Aurretik, bilbotarrak. Etxebizitza publikoa esleitzeko sistema bidezko baten alde'' leloarekin.
Araudiak etorkinen alde diskriminazio positiboa egiten duela defendatu dute testu horretan PPko ordezkariek, eta dagoeneko itxaron zerrendan hamar urte egin dituztenei zuzenean etxebizitza esleitzea proposatu dute. Era berean, babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratu ahal izateko erroldatze-eskaera bost urtera igotzea eskatu dute.SOS Arrazakeriaren ustez, testuak ''beste taldeekiko diskriminazioa, gorrotoa eta indarkeria'' susta ditzake, eta delitua ere izan litekeela uste dute.
Elkartearen hitzetan, testuak ''informazio faltsua'' biltzen du, eta, beraz, faltsua dela jakinda, ''informazioa iraingarria zabaltzeagatik'' ere delitua egon litekeela salatu dute.