Politika -

Espioitza politikoa

Pegasus espioitza software sistema Sanchez eta Roblesen mugikorretan ere sartu zen

Felix Bolaños Presidentetza, Gorteekiko Harreman eta Memoria Demokratikorako ministroak esan duenez, Espainiako Gobernuak epaileei bi txosten tekniko igorri dizkie presidentea eta Defentsa ministroaren telefonora kanpotik ”bidegabe” sartu zirela salatzeko.

Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuaren presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuaren presidentea.
Gobernuak salaketa jarri du, Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen telefonoetan sartu direlako Pegasus bidez

01:26

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eta Margarita Robles Defentsa ministroaren telefono mugikorrak ere kutsatu ditu Pegasus espioitza sistemak, Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko ministro Felix Bolañosek iragarri duenez. Gobernuak hori ziurtatzen duten Zentro Kriptologiko Nazionalaren bi txosten tekniko igorri ditu epaitegietara.

Gobernuaren arabera, presidentearen mugikorra 2021eko maiatzean kutsatu zuten, bi aldiz, eta ministroaren mugikorrak intrusio bat jasan zuen urte bereko ekainean. Exekutiboaren esanetan, ez da inolako intrusiorik hortik aurrera.

Gobernuko kideen dispositiboetako intrusio horiek "egitate egiaztatuak eta frogagarriak dira, ez usteak". Boñalosek hitzetan, Gobernuak ikertzen jarraitzen du, kide guztien mugikorrak aztertu arte, nortzuk zelatatu dituzten zehazteko.

"Gertaera egiaztatuak eta oso larriak dira, eta Estatuko erakundeetatik kanpoko eta legetik kanpoko esparruetan intrusioak egon direla baieztatzen dute", esan du. Ministroak gaineratu du legez kontrako eta "kanpoko" esku-hartzeak izan direla. Ondoren, zehaztu du "kanpokoak" esan nahi duela "Estatuko erakundeetatik kanpokoa dela eta ez duela epailearen baimenik".

Gobernuak ez daki zer informazio lortu duten

Ministroak azaldu duenez, jakina da "Pegasus softwarea legez kontra erabili dela gutxienez 20 herrialdetan, eta esku-hartze horien biktimen artean gobernuak, hainbat eremutako gizarte zibileko pertsona ospetsuak, informatzaileak eta izaera desberdineko pertsonak daudela".

"Justiziak egia osoa ezagutzeko ikertzea nahi dugu, eta, horregatik, eskura dugun informazio guztia jarri dugu haien esku", azaldu du, eta azpimarratu du: "Gurea bezalako demokrazia oso batean, erakunde ofizialek baino ez dute esku hartzeko ahalmena, betiere epailearen baimenarekin".

"Espainiako Gobernua bere ahalmen guztiarekin ari da lanean gertakari horiek argitzeko, komunikazioen segurtasuna babesteko eta pertsonen pribatutasunerako oinarrizko eskubidea bermatzeko. Hori izan da Exekutiboaren konpromiso argia, lege-kontroletatik kanpo Pegasusen ustezko erabileraren berri ematen zuten lehen informazioak izan zirenetik. Hori izan da konpromisoa, eta hori izango da Gobernuak zorrotz aplikatuko duen araua", esan du Bolañosek.

Horrela, ministroak adierazi du Gobernuak dagoeneko ezarri dituela "erakunde ofizial guztien komunikazioetan segurtasun-protokoloak indartzeko neurriak, eta horiek administrazio zentralaren esku ez ezik, gobernu autonomikoen, parlamentu autonomikoen, toki-erakundeen eta, oro har, gainerako erakundeen esku ere jarriko dituela".

"Informazioa izan bezain laster, prentsaurreko honetan azaldu berri ditugun gertakariak ezagutu bezain laster, Justiziari esan diogu, ikerketa gehiago luzatu gabe has dadin", nabarmendu du.

Azkenik, Bolañosek argitu du Gobernuak badakiela presidentearen eta Defentsa ministroaren terminaletatik ateratako datuen "bolumena" zein den, baina ez "zer datu ziren". Cadena SER irratiak aipatutako Gobernuaren iturrien arabera, Sanchezen mugikorraren lehenengo esku-hartzean 2,6 GB deskargatu zituzten, eta bigarrenean, 130 MB. Roblesen mugikorretik 9 MB deskargatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Espioitza Politikoa