Politika -
NAFARROA
Bakartxo Ruiz ez da EH Bilduren hautagaia izango 2023ko foru hauteskundeetan
EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak ziklo bat amaitzeko unea dela adierazi du. Politikako lehen lerroa utziko du eta irakaskuntzan duen postura itzuliko da heldu den urtean.
EITB MEDIA
Legegintzaldia amaitzeko urtebete inguru gelditzen den honetan, Bakartxo Ruizek iragarri du ez dela EH Bilduren hautagaia izango 2023ko udal eta foru hauteskundeetan. Erabaki pertsonala izan dela adierazi du.
EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak ziklo bat amaitzeko unea dela azaldu du eta Nafarroako aldaketa prozesua bizitzea "pribilegioa" izan dela gaineratu du.
"Ziklo bat amaitzeko unea da. EH Bildun lan egiten jarraituko dut, militatzeko modu asko daude [...] Pribilegioa izan da Nafarroan aldaketa prozesua bizitzea", esan du Bakartxo Ruizek EH Bilduk sare sozialetan zabaldu duen mezuan.
Legegintzaldia amaitutakoan, politikako lehen lerroa utziko du eta irakaskuntzan duen postura itzuliko da heldu den urtean.
Bakartxo Ruiz 2011n aurkeztu zen lehen aldiz EH Bilduren zerrendetan. Ordezkoa azaroan erabakiko den arren, igandera arteko epea dute nahi dutenek Nafarroako Parlamenturako eta Iruñeko udalerako hautagaitzak aurkezteko.