Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Bakartxo Ruiz: "EH Bilduren hurrengo zerrendaburua oso gaitua eta ilusio handikoa izango da”
Nafarroako Parlamentuko koalizio soberanistaren bozeramailearentzat "ohorea" izan da politikan aritzea, baina "energia asko eskatzen du". Nafarroako Gobernua eta babesa ematen diotenak "momentu kritiko batean" daudela gaineratu du.
Mikel Dominguez | EITB Media
Bakartxo Ruiz ez da EH Bilduren hautagaia izango hurrengo hauteskundeetan, baina, edozein kasutan, hurrengo zerrendaburua "oso gaitua eta ilusio handikoa" izango da, horren hitzetan. Ruizen "zikloa bukatuta", koalizioa zerrendaburu berria hautatzeko prozesuan dago. Igandera bitartean, "abal kopuru nahikoa aurkezten duen edozein pertsonak bere burua aurkeztu dezake" EH Bilduren baitako prozesuan.
"Hautagaitza potentea izango dugu Parlamentuan", adierazi du Ruizek. Horren harian, EH Bilduko militanteen aukerak errespetatzeko deia egin du. "Izango dugu albisterik igandera bitartean", gehitu du.
Hiru legegintzaldiz lehen lerroan egon ostean, bozeramaileak onartu du gelditzen jakin behar dela; izan ere, "politikaren tentsionamendua eta esposizio publikoa handiak dira" eta "energia handia eskatzen du". Hala ere, pozik agertu da "Nafarroan bereziki gertatu diren aldaketa guztiak barnetik eta bertatik bertara" ezagutu dituelako. Edozein kasutan, politikan parte hartzen jarraituko du, beste maila batean bada ere.
Egungo momentu politikoari dagokionez, EH Bilduren bozeramaileak onartu du "momentu kritikoan" daudela Nafarroako Gobernuaren eta kanpotik babesten duten ezkerreko alderdien arteko harremana. Zailtasunak "agerikoak" dira, baina, hala ere, espero du hauteskundeen aurreko giroak gehiegi ez eragitea eta "onartzeke dauzkagun hainbat lege aurrera ateratzea".