Politika -
ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN
Isa Serra: "Legealdia ez dago arriskuan, baina ezinbestekoa da erantzukizunak lehenbailehen argitzea"
Unidas Podemoseko bozeramailekidearen hitzetan, Estatuko segurtasunaren alorrean inoiz ez da halako pitzadurarik zabaldu. "Sinesgaitza" iritzi dio Espainiako Inteligentzia Zerbitzuak espioitza ez atzematea, eta agertoki honetan, "konfiantza berreskuratzeko" neurriak ezinbestekoak direla esan du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Pegasus programaren bidez egindako espioitza politikoaz aritu da, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Isa Serra Unidas Podemoseko bozeramailekidea. Horren iritzian, gertatutakoaren "larritasuna ikaragarria" da, eta erantzunak neurri berekoa beharko luke: zorrotza eta ardurak azken muturreraino argituko dituena. "Ez gara hasiko arduradunen izen-abizenak esaten, baina egia osoa jakin nahi dugu", zehaztu du.
Aurrekaririk gabeko "pitzadura" eragin du krisi honek Estatuko segurtasunaren alorrean, Serraren ustez, baina horrek ez ditu gaiztotu Espainiako Gobernuko bi bazkideen — PSOE eta Unidas Podemos — arteko harremanak. Hala, azken polemika honek ez duela legealdiaren amaiera ekarriko ziur agertu da, baina ezinbestekotzat jo du ardurak lehenbailehen argitzea, "konfiantza berreskuratzeko". Halaber, gertatutakoa argitzearekin batera, berriro halakorik gerta ez dadin "aldaketak" premiaz ezarri behar direla uste du.
Demokrazia bera ikusten du arriskuan talde moreko kideak, eta espioitza politikoa justifikatuko duen arrazoirik ez dagoela nabarmendu du. Zentzu horretan, "sinesgaitza" iruditzen zaio Espainiako Inteligentzia Zerbitzua (CNI) espioitza lehenago atzemateko gauza ez izatea.
Pandemiak edota Ukrainako gerrak Espainiako Gobernuaren jarduna asko zaildu dutela aitortu du, baina "koalizioa-gobernuak beti asmatu du aurrera egiten", hein handi batean, Serraren hitzetan, "Unidas Podemosek proposatutako neurriei esker". Horregatik, ezberdintasunak ezberdintasun, elkarlanean jarraitzearen alde egin du, legealdia amaitu arte. "Horretarako, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoa zaindu behar da", azpimarratu du, besteak beste, "politika sozialetan aurrera egiteko ERCren eta EH Bilduren ekarpena ezinbestekoa delako".
Hain zuzen, espioitza politikoaren inguruko azalpenak emateko, Paz Esteban CNIko zuzendariaren agerraldiarekin hasi da, gaur goizean, sekretu ofizialen batzordea Kongresuan.