Politika -

Bateragune auzia

Ezker abertzalea: 'Bake prozesuari ostikada eman dio epaiak'

''Garai politiko berria posible egiteko arriskatu dutenen kontrako ankerkeria'' dela uste du. ''Inongo epaiketak ez du aldatuko bakearen alde egindako apustua'', esan dute ezker abertzaleko kideek.

Ezker abertzalea
Ezker abertzalea

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bateragune auziaren epaiarekin 'eraso sakona' egin diotela esan du ezker abertzaleak, eta Gorenaren erabakia ''bake prozesuari ostikada'' dela uste du. ''Posizio inboluzionista'' batetik ETAk indarkeriaren amaiera iragarri aurretiko egoerara itzuli nahi dutenek erakusten duten ''handikeriaren adierazgarri da'', bere hitzetan.Donostian egin dute agerraldia Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Maribi Ugarteburu eta Permando Barrena ezker abertzaleko ordezkariek.

Kazetarien aurrean irakurri duten testuan adierazi dutenez, ''garai politiko berria hau posible egiteko arriskatu dutenen kontrako ankerkeria'' da Bateragune auziaren epaia.Auzitegi Gorenak Bateragune auziko bost auzipetuak errudun jo ditu eta, ondorioz, Arnaldo Otegik, Rafa Diez Usabiagak, Miren Zabaletak, Sonia Jacintok eta Arkaitz Rodriguezek espetxean jarraituko dute.  Ebazpenean, dena dela, espetxe-zigorra sei urtera jaitsi die auzipetu guztiei. Arnaldo Otegiri eta Rafa Diez Usabiagari 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak; Miren Zabaletari, Sonia Jacintori eta Arkaitz Rodriguezi, berriz, 8 urtekoa.

Barrenaren hitzetan, ''Espainiak indarkeria erabili du beste behin proiektu falta eta gatazka politikoaren ebazpenak eragiten dion ikara ezkutatzeko''.  Gorenaren erabakia ''eskandaluzkoa eta onartezina'' dela eta ''Euskal Herrian haserrea piztu'' duela esan du, eta ''espainiar eta euskal gizarteen arteko arraila are handiago egiten du'', ezker abertzalearen hitzetan.

Bake prozesua, ''geldiezina''

"Bake eta normalizazio prozesuaren hasiera eragin zutenak zigortu behar dituela erabaki du Espainiar estatuak, baina horrek, oinarrian, izugarrizko ahultasuna uzten du agerian'', esan du Barrenak. Ezker abertzaleko ordezkariak uste du Estatuak berriz ere kale egingo duela. ''Euskal gizarteak korazatu duen bake prozesu geldiezin eta atzeraezinari boikot egiten saiatzen diren guztietan egingo dute kale'', gaineratu du. ''Inongo jazarpen, atxiloketa, epaiketa edo epaik ez du aldatuko ezker abertzaleak bakearen eta normalizazio politikoaren alde egin duen apustua'', azaldu du.

Amaitzeko, Barrenak Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi eta beste auzipetuei ''besarkada handi eta beroa'' bidali die, eta ezker abertzaleak epairen aurka deitzen diren mobilizazio guztiekin bat egingo duela iragarri du.

Bestalde, epaia jakin ondoren, antzeko mezua publikatu dute Arnaldo Otegiren Twitterreko kontuan:  'Ez dago epairik herri honen indarra geldiaraziko duenik', idatzi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea