Politika -

IZENDAPEN OFIZIALA

Macronek bigarren agintaldia abiatu du: "presidente berria herri berri baterako"

Emmanuel Macron Frantziako presidentea karguaz jabetu da, "ekiteko, maitatzeko eta zerbitzatzeko" hitza emanda. Aitortu duenez, "une larriak bizi gara", eta elkarlanerako deia egin du.

Emmanuel Macron, presidente karguaz jabetzen. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron, presidente karguaz jabetzen. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron, presidente karguaz jabetzen. Argazkia: EFE

ANDER ALTUNA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea karguaz jabetu da beste bost urteetarako, larunbat honetan Eliseo Jauregian izandako ekitaldian. Bere hitzaldian azpimarratu duenez, "Frantziako herriak ez du orain amaitzera doan agintaldia luzatu; herri diferente gara, presidente berria herri berri baterako". Guztiekin hitz egiteko eta negoziatzeko borondatea agertu du Macronek, hauteskunde-gauean egin zuen bezala.

"Ekiteko, maitatzeko eta zerbitzatzeko" hitza eman du presidenteak. Aitortu duenez, "une larriak bizi gara", eta elkarlanerako deia egin du. "Denok elkarrekin, hitzarmen produktibo, soziala eta ekologiko berria eraikitzeko modua asmatu behar dugu", aldarrikatu du.

"Planeta bizigarriago" uzteko nahia azaldu du, eta Frantzia "biziago eta indartsuago bat, mundua inspiratzera deituta" dagoelakoan.

Karguaz jabetzeko ekitaldia Eliseo Jauregian izan da eta, protokoloei jarraituta, Laurent Fabius Batzorde Konstituzionalaren presidentearen balioestearekin hasi da. Macronen agintaldi berria maiatzaren 14ko 00:15ean hasiko da.

Guztira, 400 bat gonbidatu izan dira bertan, tartean, Nicolas Sarkozy eta François Hollande presidente ohiak. Zenbait lehen ministro ohi ere izan dira, eta Frantziako botere-esparru desberdinak ordezkatzen dituzten agintariak ere.

Hurrengo erronka

Karguaz jabetu orduko, dena den, hurrengo erronka prestatzen hasi beharko du: ekaineko hauteskunde legegileak, hain zuzen ere. Oraingoan, ultraeskuinaz gain, ezkerreko frontea izango du Macronek lehiakide nagusi. Izan ere, Frantzia Intsumisoaren inguruan bat egin dute ekologistek, komunistek eta azkenean baita sozialistek ere. Paris kanpoaldeko barruti egingo du gaur lehen bilera ezkerreko fronteak, hautagaitzak berresteko azken eguna den honetan.

Frantzia Intsumisoko buruak, Jean-Luc Melenchonek iragarri du ez dela hautagai izango zerrendan. Melenchonek ez du diputatu izan nahi Frantziako Asanblean, lehen ministro baizik, Frantziako telebista publikoan bart berretsi duenez. Lehen ministroa da Gobernua osatzen duena eta kasu honetan, Macron presidentearen jarduna baldintzatuko lukeena, esparru sozialeko politikak garatzerakoan, bereziki. Melenchonek uste du ezkerreko blokeak irabazteko aukerak badituela eta gaineratu du ez dela hauteskundeei begira egindako akordio soil bat, hurrengo urteetan Frantzia gobernatzeko asmoz jositako elkarlan iraunkorra baizik.

Ezkerreko fronteak gaur egingo du lehen bilera, 14:30ean. Akordio erdietsi ondoreneko lehen topaketa izango da, fronte horren lehen argazkia.

Gauzak horrela, paisaia politikoa aldatu egin da Frantzian, hiru bloke argi daude, eta giro horretan errepikatuko du presidente karguan Emmanuel Macronek. Kargua errepikatu zuen azkena Chirac presidentea izan zen duela 20 urte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Frantziako hauteskundeak Frantziako presidentea azken ordukoa Frantziako Gobernua