Politika -

macronen berrautaketa

Frantziako ezkerraren koalizio berria, Macronen aurka batuta

Jean-Luc Mélenchonen lidergo pean, frantziar ezkerreko alderdiek Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria (NUPES) aurkeztu dute, Macron aurkari komun hartuta.

Jean-Luc Mélenchon, hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Jean-Luc Mélenchon, hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE
Jean-Luc Mélenchon, hauteskunde ekitaldi batean. Artxiboko argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako ezkerreko alderdiek osatutako koalizio berriak jendaurreko aurkezpena egin du larunbat honetan, batasun irudia emateko asmoz, aurkari komun batekin: Emmanuel Macron presidente berrautatua.

Frantzia Intsumisoko (LFI) Jean-Luc Mélenchon ordezkariaren lidergo pean izan da ekitaldia. Ekainean koalizioak hauteskunde legegileak irabaziz gero, lehen ministro bilakatuko litzateke. Edonola ere, inkestek aurreratutakotik urrun dago hipotesi hori, Macronentzat gehiengoa aurreikusi baitute.

Aubervilliers hirian birmoldatutako antzinako industria-nabe batean, 1.500 jarraitzaileren aurrean, agerraldia egin dute Frantzia Intsumisoak (LFI), ekologistek, Alderdi Sozialistak (PS) eta Frantziako Alderdi Komunistak (PCF).

Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria (NUPES) gisa aurkeztu dute euren burua.

Apirilaren 10eko presidentetzarako hauteskundeetan, botoen % 22arekin, hirugarren gelditu zen Mélenchonek (Macronen eta Marine Le Pen eskuin muturreko liderraren atzetik) eman du hitzaldia, "irabaziko dugu!" eta "herri batasuna" zioten oihu artean.

"Erresistentzia kolektiboa" Macronen aurrean

LFIko buruak adierazi duenez, NUPES (lorpen historikoa, haren aburuz) "ez da hauteskunde akordioa bakarrik", baita edukia duen "programa politikoa" ere. Koalizioa osatzen duten alderdiak bat etorri dira Macroni egotzi dioten "tratu txar sozial, ekologiko eta demokratikoen garai" baten aurrean "erresistentzia kolektiboa" agertzearekin.

Mélenchonek azpimarratu duenez, presidente berrautatuaren planak, eta jubilazio adina 65 urtera arte atzeratzeko proiektua bereziki, eteteko modu bakarra NUPESen "gehiengoa hautatzea" da.

Koalizioaren programaren indarguneetako bat borondatezko jubilazio adina beheratzea da, uneko 62 urteetatik 60 urtera arte.

Era berean, NUPESek gutxieneko soldata hileko 1.400 eurora igotzea defendatu du (1.300 euroan dago orain), soldatak areagotzeko batzarra egitea, Macronek lehen legealdiaren hasieran kendutako Aberastasunaren gaineko Zerga berrezartzea, behar-beharrezko produktuen prezioak blokeatzea edo 1.000 milioi euroko aurrekontua, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Frantzia berriak Alderdi politikoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak Frantzia Emmanuel Macron Frantziako Gobernua gaur