Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Espainiako Gobernuak legegintzaldia agortzearen alde dago Otegi, baina ohartarazi dio "azken aukera" dela

EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du koalizioa diru-sarrerak bermatzeko errenta legearen akordioan egon litekeela, "edukien arabera betiere", zehaztu du, eta euskaldunen arteko "Estatu akordioak" defendatu ditu, beste behin.

Otegi, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media
Otegi, elkarrizketaren une batean.
Sanchezek legealdia agortzearen alde agertu da Otegi, ''alternatiba okerragoa baita''

2:39

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE eta Unidas Podemos alderdien arteko koalizio gobernuak legegintzaldia agortzea nahi du Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak: "Badaude arrazoi nahikoak, batez ere alternatiba okerragoa delako". Nolanahi ere, ohartarazpena egin dio exekutibo espainiarrari: "Azken aukera da". 

Otegiren aburuz, ezin da "arinkeriaz" hartu ultraeskuina "Espainiako Estatuan egonkortzeko aukera; arazo larria da Euskal Herriko langileentzat eta bada arrazoi potoloa". Dena dela, "Gobernuak ezin du pentsatu hori izan ahal dela guk beti sostengatzeko arrazoia", ohartarazi du.

Hala, mezua helarazi dio Espainiako Gobernuari, Radio Euskadiren "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketan: "Gobernuak erabaki behar du demokratizazio eremua egonkortu nahi dituen, kasta ekonomiko eta oligarkikoen pribilegioak ukitzen dituzten aldarrikapen sozial eta ekonomikoak onartu nahi dituen, eta Estatuan dituen arazo nazionalei erantzun demokratiko bat eman nahi dien (...) hori demostratzeko aukera du, baina azken aukera da. Gobernua ez bada hori egiteko gai, euskaldunok, katalanek eta Estatuko herri sektoreek beste erabaki batzuk hartu beharko ditugu", ohartarazi du.

Espioitza politikoa hizpide, Otegik azpimarratu duenez, "erregimena onik ateratzeko operazioa martxan dago, eta independentismoari aurre egiteko, denak balio du".  Horren ustez, "Estatuko aparatuek inpunitate osoa dute, eta hori argitzen ez den bitartean, ez diote utziko: zelatatzen jarraituko dute".

ERCk eta EH Bilduk Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko bozketan ezberdin bozkatu zutela eta (normalean estrategia komuna dute), Otegik azaldu du "euskal gizarteak eta katalanak oso modu ezberdinean" hartu dutela eskandalua. "Gurean milaka lagun torturatu dituzte, egunkariak itxi dizkigute, alderdiak legez kanpo utzi dizkigute, gerra zikina egon da... beraz, jendeak badaki espioitza Estatu estrategia bat dela proiektu independentista ahultzeko", arrazoitu du.

Gaur Jaurlaritzak onartu asmo duen diru-sarrerak bermatzeko errentaren legearen aurreproiektuak galdetuta, Otegik ez du baztertu EH Bildu akordiora biltzea, "betiere edukien arabera". Euskadin Estatu akordioak egitearen garrantzia nabarmendu du, beste behin: "Euskaldunok Estatu akordioak egin ditzakegu, are gehiago, behar ditugu. Olatu handiak datoz, erronka handiak. Galdera da: 'Nola egingo diegu aurre euskaldunok herrialdeko erronkei subiranotasun barik'?"

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak