Politika -
PP-PSE akordioa hautsita
Odon Elorza, irailean konfiantza mozioa aurkeztearen alde
Bere ustez, Patxi Lopezek ''asmatu'' egingo luke politika orokorrari buruzko eztabaidan konfiantza mozioa aurkeztuko balu, ''legegintzaldia bukatu arte jarraitu ahal izateko''.
Erredakzioa
Odon Elorza diputatu sozialistak uste du Patxi Lopezek ''asmatu'' egingo lukeela irailean, politika orokorrari buruzko eztabaidan, konfiantza mozioa aurkeztuko balu Legebiltzarrean, ''legegintzaldia bukatu arte jarraitu ahal izateko''.
Bere blogean egin du proposamena Donostiako alkate ohiak. Haren hitzetan, ''eztabaida horrek utziko dituen emaitzak eta bertan plazaratuko dituzten iritzi ezberdinak'' kontuan hartuta erabaki beharko luke Patxi Lopezek konfiantza mozioa aurkeztu ala ez. Bozketa galtzen badu, hausteskundeak azarorako aurreratzea proposatu du Elorzak.
Diputatuak uste du krisi egoeran ''ezinbestekoa dela 2012rako onartutako aurrekontua lehendakariak eta bere Gobernuak kudeatzea''.
"EAJk eta Amaiurrek uztailerako nahi dituzte hauteskundeak, baina hauteskundeak bat-batean deitzea kalte argia litzateke aurrekontu horien garapenerako'', idatzi du.PP-PSE akordioaren haustura ''berri ona'' dela uste du Odon Elorzak.