Itxi

Politika

Erronka demografikoa

Amatasun eta aitatasun baimenak 18 astera luzatzea eskatu du Legebiltzarrak

agentziak | eitb media

Bestalde, atzera bota dituzte EH Bilduren proposamen nagusiak: seme-alaba bakoitzeko 150 euroko diru-laguntza hilean, horrek 18 urte bete arte; garraio publikoa eta sendagaiak doakoak izatea 12 urtetik beherakoentzat; eta alokairuen prezioa mugatzea.

  • Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko osoko bilkuran. Argazkia: EFE

    Iñigo Urkullu lehendakaria Legebiltzarreko osoko bilkuran. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko erronka demografikoari buruzko saio monografikoa egin dute asteazken honetan Eusko Legebiltzarrean. Goizeko saioan, Iñigo Urkullu lehendakariak bere gobernuaren asmoak iragarri ditu eta talde parlamentarioek ere hainbat neurri zehatz proposatu dituzte.

Arratsaldean, ekimen horietako asko onartu dituzte, eta, besteak beste, amatasun eta aitatasun baimenak esparru pribatuan 16 astetik 18ra luzatzeko eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Proposamen hori EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostu dute.

Horrez gain, pertsona migratzaileei eta errefuxiatuei hemen bizitzeko egin behar dituzten tramiteak murriztu ditzala eta gizarte-laguntzak jasotzeko prozesuetan laguntza eman diezaiela eskatu diote administrazioari.  

Halaber, Ganberak EH Bilduk proposatutako zenbait ekimen onartu ditu, hala nola, garraio publikoaren tarifak berrikustea, gazteen eskuragarri jartzeko; hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko neurri fiskalak aztertzea; belaunaldien arteko erreleborako plan bat lantzea; eta baserri eta landa-eremuetan garraio publikoaren zerbitzua hobetzea.  

2030 urterako emantzipaziorako bataz besteko adina 28 urtetik behera egotea eta jaiotze-tasa % 15 handitzea jarri dute helburutzat EAJk, PSE-EEk eta PP+Cs koalizioak.

Ildo berean, eskuineko koalizioak proposatuta, umea izateko arazoak dituzten emakumeei ugalketa-lagundurako tratamenduak bermatzeko galdegin dio Legebiltzarrak Osakidetzari.

Gainera, lan-hitzarmenetan kontziliaziorako eta ardurak banatzeko neurriak jasotzeko urratsak eman ditzala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.  

Elkarrekin Podemos-IUk etxebizitza komunitarioak sortzeko proiektuak martxan jartzea proposatu du, besteak beste, pertsona nagusiak bakardadean bizi ez daitezen. Neurri hori ere onartu du Legelbitzarrak.

EH Bilduren proposamen nagusiak baztertu dituzte

Bestalde, EH Bilduk seme-alaba bakoitzeko hilean 150 euroko diru-laguntza ematea proposatu du, horrek 18 urte izan arte, baina ekimena atzera bota dute.

Koalizioak egindako beste hainbat neurri ere ez dituzte onartu, hala nola, 0 eta 12 urte arteko umeentzat garraio publikoa eta sendagaiak doakoak izatea, alokairuaren prezioa mugatzea eta lau eguneko edo 32 orduko lan-asteak bultzatzea.

Elkarrekin Podemos-IUk zerga-sistema erreformatzea proposatu du, kenkari fiskalen bidez seme-alaba bakoitzeko 100 euroko laguntzak bermatzeko hilero, honek 18 urte izan arte. Baina neurri hori ere baztertu egin du Legebiltzarrak.

 

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena