Politika -
Ekitaldia Gasteizen
EA: 'PSEri ondoen datorkionean izango dira hauteskundeak'
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak esan duenez, lehendariak hauteskundeak aurreratuko ditu PSEri "hobeto datorkionean, ziur aski izango duen bozen ihesaldi handia arintzen saiatzeko".
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak larunbat honetan azaldu duenez, Patxi Lopez lehendariak hauteskunde aurreratuak deituko ditu PSE-EEri "ondoen datorkionean, ziur aski izango duen bozen ihesaldi handia arintzen saiatzeko". Gasteizko EAko egoitzan izandako prentsaurreko batean Urizarrek egungo euskal politika aztertu du eta PPren eta PSEren arteko itunaren amaierari egin dio aipamena.
Urizarren esanetan, hauteskundeak aurreratuko dituzte seguru eta datozen bost edo hamar hilabeteetan, EAJ, PSE eta PP amankomumean dituzten interesak defendatzen saiatuko dira, hau da, euskal kutxetan dituzten estatusa mantentzen saiatuko dira eta Bildu erabakitzeko erakundeetatik at uzten jarraituko dute.
EAJk eta PPk "Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza luzapean" daudela esan arren, agintaldia bukatu baino lehen Kutxen Legea onartzen saiatzen ari direla azpimarratu du Urizarrek. "Denbora ari dira galtzen erakundeetako aldaketak bidearen tarte garrantzitsu bat igaro duelako eta horrek hauteskundeetan amaituko du", esan du EAko buruak, "egun Eusko Legebiltzarrean hartzen diren erabakiak oso ganbera desberdin batek kudeatuko ditu".
Halaber, PPrekin izandako ituna apurtu eta gero, EAJk lehendakariari zentsura mozio bat planteatu ez izana salatu du. "PPrekin Kutxen Legea negoziatzen duen bitartean, EAJ konfidantza mozio bati buruz bakarrik ari da", ondorioztatu du Urizarrek.