Politika -
PSE-EE
Anduezak PPri: "Hipokrita da lehen sektorearekin 'egotea' eta Elikagai Katearen Legeari ezetz bozkatzea"
PSE-EEko idazkari nagusiak "moderazio faltsua" egotzi dio Feijooren taldeari, eta Espainiako Gobernuarekin lankidetzan aritzearen alde egiteko eskatu dio.
Agentziak | EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak PPri aurpegiratu dio lehen sektorea "botata" uztea, besteak beste, Elikagai Katearen Legearen kontra bozkatuta, eta, horren ordez, "B kutxaren, Villarejoen eta ustelkeriaren" taldea izaten jarraitzea.
Halaber, esan du Alberto Nuñez Feijoo popularren buruzagiaren "moderazio faltsuak herrialde honen eta Espainiako Gobernuarekin lankidetzan aritzearen aldeko apustua" eragin beharko lukeela.
Gaur, Amurrioko XXIII. Txakolin Egunean izan da Andueza, Cristina Gonzalez Arabako PSE-EEko diputatuorde eta idazkari nagusiarekin; Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin; Carlos Ibarlucea Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko diputatuarekin; David Romero Amurrioko idazkari nagusiarekin, eta beste hainbat kargu eta militante sozialistekin batera.
"Gu landarekin gaude, beti egon garelako. Beste batzuei, hala nola PPri eta Voxi, ahoa berotu egiten zaie landarekin daudela esanez, baina Elikagai Katearena bezalako funtsezko lege bat bozkatzeko orduan, ezetz bozkatzen dute", kritikatu du.
Testuinguru horretan, Feijooren PP "Casadorengandik, Rajoyrengandik, Cospedalengandik eta Aznarrengandik heredatu duena" dela esan du. "PP ez da aldatuko, eta herrialde honentzat garrantzitsua den sektore batekin daudela esateak dakarren hipokrisia salatzera gatoz", errepikatu du.
Bestalde, sozialistek "sektore ekonomiko guztiak" babesten dituztela azpimarratu du buruzagi sozialistak, "sektore berriak bultzatzen ari diren neurri eraldatzaileekin, Next Generation programen bidez".
"Guk badakigu non dagoen PP: B kutxetan, Villarejoetan, ustelkerian eta PPren historia bizian", salatu du Anduezak.