Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Legebiltzarrak baztertu egin du EH Bilduk "ate birakarien" aurka egindako lege proposamena
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute proposamena, testuak Legebiltzarreko erakundearen eskumen-eremua gainditzen duela ohartarazi baitute.
EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak ez du izapidetuko EH Bilduren kargu publikodunen "ate birakariekin" amaitzeko eta enpresa pribatuen jarduera arautzeko lege proposamena.
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dute proposamena, testuak Legebiltzarreko erakundearen eskumen-eremua gainditzen duela ohartarazi baitute. Elkarrekin Podemos-IU ekimenarekin bat egin du, Vox aurka agertu da eta PP+Cs abstenitu egin da.
Huts egindako lege proposamenak 2014an onartutako Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Legea aldatzea bilatzen zuen, kargu publikodunek zuzenean erakunde pribatuetako zuzendaritza-postuetara eta administrazio-kontseiluetara salto egin ez dezaten Administrazioan dituzten erantzukizunak uzten dituztenean.
Ildo horretan, kargu publiko batetik enpresa pribatura igarotzeko bi urteko gabealdiari lege-maila ematea planteatzen zuen, eta erakunde pribatuek aldi hori errespetatzeko dituzten eskubideak eta betebeharrak zehazten zituen.
Gainera, EH Bilduk Etika eta Gobernu Onaren Kodearentzat organo independente bat sortzea proposatu du Legebiltzarrean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kide izateko bateraezintasuna ezarri nahi baitzien ahaldun nagusi eta alkate izandakoei.
EH Bildutik, Josu Estarronak defendatu du proposamenak "politika prestigiatu" nahi duela, enpresa pribatura erantzukizun karguetatik sartzeko bideak "legez mugatuta eta higiene demokratikoz araututa" egon daitezen.
"Ez bozkatzea ate birakariekin amaitu beharreko bidea ixtea da, ondo koipeztatuta eta irekita mantentzea, biraka jarrai dezaten", salatu du Estarronak.
Ildo beretik, Gustavo Angulok (Elkarrekin Podemos-IU) esan du "fenomeno" hori "erabat errotuta" dagoela Euskadin, "EAJrekin lotura estua duten izenak elektrizitate- eta energia-arloko administrazio-kontseiluek fitxatu baitituzte". Horregatik, "influentzia sare horri amaiera ematearen eta enpresa handien boterea mugatzearen" alde agertu da.
Jon Andoni Atxutxaren (EAJ) ustez, jarduera pribatua mugatzeko asmoak "nabarmen" gainditzen du Eusko Legebiltzarraren eskumen-esparrua. Hori dela eta, testuak "legezkoa ez den lekua" duela esan du, eta "ekarpenik ez" duela egiten argudiatu du.
Ildo beretik, Ekain Rico sozialistak defendatu du jarraitu beharreko bidea gardentasunaren lege-aurreproiektua egitea dela, eta, beraz, berretsi du gaurko bozketak ez duela "biderik ixten".
Luis Gordillok (PP+Cs) azaldu duenez, abstenitzeko arrazoia da bere taldeak uste duela gai hori "serio" hartu behar dela, eta, beraz, Ganberara eramango dituela beste neurri batzuk "sektore publikoaren kudeaketa independente eta eraginkorra lortzeko".
Azkenik, Amaia Martinezek (Vox) esan du EH Bildu "sarrerako ate birakariek" bakarrik kezkatzen dutela, eta Vox "irteerako ateek" kezkatzen dutela, "ETAko presoei kartzelatik damutu gabe ateratzeko mesede egiten dietenek". Halaber, "EAJ ate birakarien txapelduna" dela esan du.