Politika -
NAFARROAKO PARLAMENTUA
Polizia-abusuen biktimentzako laguntzak terrorismoaren biktimenekin berdinduko dituen legea, tramitatuta
Nafarroako Parlamentuak kopuru zehatzak ezarri ditu, poliziaren indarkeriaren biktimei edota arrazoi politikoek eragindako biktima izan direnei kalte-ordain modura emateko. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek babestu dute lege-proposamena, eta Navarra Sumak kontra bozkatu du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Polizia indarkeriaren biktimen eta arrazoi politikoek eragindako biktimen aitortzarako bidean beste urrats bat eman du Nafarroako Parlamentuak, horiei kalte-ordainak ematea ahalbidetuko duen lege proposamena tramitera onartuta. Hain zuzen, terrorismoaren biktimek egun jasotzen dituzten laguntzekin berdinduko dituzte gainerako indarkeriek eragindako biktimentzako laguntzak.
Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek — PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu — aurkeztutako lege-proposamena da gaur tramitera onartu dena. "Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko legea" (16/2019 Foru Legea) moldatzea ekarriko du proposamen honek. Izan ere, arau horren oinarrizko testuak Espainiako legedia hartzen du aintzat kalte-ordainak ezartzerakoan, baina Estatuak ez ditu kontuan hartzen polizia indarkeriaren biktimak, ez eta arrazoi politikoek eragindakoak ere. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuari ezinezkoa zaio pertsona horientzako kalte-ordainak bideratzea.
Gauzak horrela, Foru Parlamentuak gaur onartutako testuaren arabera, "osasun-laguntzari eta kalte fisiko, psikologiko eta materialengatiko kalte-ordainei dagokienez, (Espainiako) artikulu horrek eragiten dituen aplikazio-arazoak konpontzea da helburua".
Aurreikusita zegoen bezala, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek babestu dute lege-proposamena, eta Navarra Sumak kontra bozkatu du. Bere agerraldian, Geroa Baiko Jabi Arakamak gogor kritikatu du egungo legedia, "indarkeria mota hau" aplikatu dutenei "inpunitate osoa" ematen dielako. "Hau ez da justizia kontua, hori auzitegiei dagokie, aitortza eta erreparazio kontua da", esan du.
Ildo beretik mintzatu da PSN alderdiko Inmaculada Jurio parlamentaria ere. Horren hitzetan, gaurkoa bezalako urratsak egitea ezinbestekoa da "eskubideen aitortzan aurrera" egiteko. Lege proposamena "guztiz konstituzionala" dela nabarmendu du, eta helburua indarrean dagoen araudiari "segurtasun juridikoa erabatekoa" ematea dela esan du.
Segurtasun juridikoaz aritu da EH Bilduko Bakartxo Ruiz ere. Horren hitzetan, bada ordua herritar guztien eskubideak berdintzeko. Azken urteotan batzuen eta besteen "interes politikoengatik" eta "blokeo judizialarengatik" biktima askoren eskubideak urratuta egon direla azaldu du. "Egiarako eskubidea urratu da", zehaztu du.
Podemos-Ahal Duguko Mikel Builek ere gogor salatu du azken urteotan hainbat biktimek pairatu duten babesik eza, eta eragindako kaltea konponezina dela uste duen arren, aurrerapausotzat jo du gaurko erabakia. Antzera mintzatu da Marisa Simon I-E taldeko parlamentaria , biktimen babesgabetasuna salatuz.
Navarra Suma izan da kontra bozkatu duen bakarra, eta talde horren bozeramaile den Iñaki Iriarteren iritziz, biktimek erreparaziorako eskubide osoa dute, baina kalte-ordainak bideratzeko sortu den batzordea osatzen duten pertsonak "ez dira independenteak" eta ez dira gertakariak frogatuko.