Politika -
EITB Focus
Otxandiano: "Inkestak EH Bilduren goranzko joera berresten du, baina oraindik ezustekoak egon daitezke"
"Pandemia baten ostean gaude, ziurgabetasuna handia da eta ikusteko dago gizartearen joera zein izango den eta horrek hauteskundeetan nola eragingo duen", ohartarazi du Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak.
EITB Media
EITB Focus inkestaren arabera, datorren urteko foru hauteskundeetan EH Bilduk gora egingo luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pello Otxandiano EH Bilduren programa zuzendariak uste du ikerketa horrek erakusten duela koalizio soberanistak goranzko joerari eusten diola, baina ohartarazi du urtebete falta dela hauteskundeetarako eta denbora tarte horretan gauzak asko aldatu daitezkeela.
"Inkestak momentuko argazkiak dira eta esango nuke argazkia ateratzeko momentua ere ez dela oso normala. Pandemia baten ostean gaude, ziurgabetasuna handia da eta ikusteko dago gizartearen joera zein izango den eta horrek hauteskundeetan nola eragingo duen", azaldu du.
Edonola ere, "inkestak erakusten du badaudela hainbat joera eta horietako bat da EH Bilduk goraka segitzen duela. Gainera, toki batzuetan, Gipuzkoan adibidez, gorako joera hori nabarmena eta sendoa da", azpimarratu du.
Horrez gain, "datozen hilabeteetan emango diren eztabaida politikoek nahiz hauteskunde-kanpainak berak gaurko argazkia asko baldintzatu" dezaketela iritzi dio. "Adierazle asko daude, abstentzioa esaterako, eta posible da hainbat lekutan ezustekoak egotea", erantsi du.