Politika -

EITB Focus

Oyarzabalek "aldaketa giroa" sumatzen du Araban: "Ez dut uste jendea EAJren kudeaketa txalotzen ari denik"

Arabako PPko presidenteak nahiago du EITB Focusen inkesta ez baloratzea, "Tezanosenaren antza” hartzen diolako, eta PPren "susperraldiak", "Feijoo efektuagatik", Euskadin ere isla izango duela uste du.

Iñaki Oyarzabal, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media
Iñaki Oyarzabal, Radio Euskadin elkarrizketatua.
Iñaki Oyarzabal, Radio Euskadin elkarrizketatua. Argazkia: EITB Media

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak ez du uste arabarrak EAJren kudeaketa "txalotzen" ari direnik, ezta Gasteizko alkatearena ere, eta "aldaketa giroa" nabaritzen du lurraldean. "Alkateak zenbat eta okerrago egin eta EAJk okerrago kudeatu, gero eta boto gehiago lortzen ditu inkestetan", esan du Radio Euskadin, 2023ko foru eta udal hauteskundeei buruzko EITB Focusen harira.

"PPren susperraldiak ere isla izango du Euskadin", esan du Oyarzabalek. "Feijoo efektuak" alderdia "erakunde askotan erabilgarri, elkarrizketatzaile eta erabakigarri" bezala hartzea eragiten duela uste du.

PPk "espazioa zabaltzeko" eta "zentro eskuin ez nazionalista" ordezkatzeko ibilbidea du. Izan ere, Oyarzabalen arabera, herritarrak "nekatuta" daude EAJrekin. Pandemian zehar, jeltzaleei "botoa ematen zien jende askok" ikusi du ez zela ondo kudeatzen, Madrilen edo Andaluzian ez bezala. Autonomia erkidego horietan, datu ekonomikoak "hobeak" izan dira eta" askatasun gehiago" egon da.

Gainera, Oyarzabalek esan du EAJ "mimetizatu" egin dela Pedro Sanchezen politikekin Madrilen, eta, beraz, PP dela "alternatiba bakarra" Espainiako Gobernua aldatzea nahi dutenentzat. 

Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia izango da, ziurrenik, eta "programetan eta aurrekontuetan baztertuta gaituen" EAJri gailentzea bilatuko du. Bizkaian eta Gipuzkoan, "politikak Bilduk ez markatzeko" izango da eraginkorra PP.

Ordezkari popularrak Iñigo Urkullu lehendakaria kritikatu du, Korsikara egindako bisita ofizialean, "gezur bat kontatzera" joateagatik, autogobernuan "sakontzeko" ideiari erreferentzia eginez, Euskadin "beste kezka batzuekin arazoak dituzten familiak" dauden bitartean. "Korsikan ez dute ezer ulertzen, ia autonomiarik ez dute eta", EAEn edo Katalunian ez bezala.

"Nazionalisten iruzurra da. Beti aldarrikatzen dute gehiago, beti nahi dutelako Madrilekiko liskarretan egon", eta lurraldeari buruzko eztabaida itxiko balitz,"akabo mauka". Horregatik, EAJk estatus berriaren gaia "aterako" duela uste du, hauteskundeei begira EH Bilduren aurka indarrak neurtzeko eta, horrela, "kudeaketa txarra estaltzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Arabako Foru Aldundia