Politika -
Zibererasoa
Zibererasoa jasan zuten Nafarroako udalek aste honetan berreskuratuko dituzte zerbitzu elektronikoak
137 udalek eta 35 toki entitatek ia bi aste daramatzate postarik, egoitza elektronikorik eta web orririk gabe. Animsa enpresa publikoaren arabera, aste honetan hasiko da zerbitzuak berrezartzen.
EITB Media
Duela bi aste zibereraso bat jasan zutenetik zerbitzu elektronikorik gabe dauden Nafarroako 137 udalek eta 35 entitateek normaltasuna berreskuratuko dute aste honetan, Animsa enpresa publikoak jakinarazi duenez.
Maiatzaren 18an, Lituaniako zerbitzari batetik (Hive eta Cobalt Strike) jaurtitako bi ransomware erasok postarik, egoitza elektronikorik eta webgunerik gabe utzi zituzten foru erkidegoko hainbat udal. Crackerrek sistema informatikoa enkriptatu dute eta erreskatea eskatu dute kriptotxanponetan.
Ordutik, udal eta erakunde horiek paperean soilik egin ahal izan dituzte kudeaketak.
Nafarroako Gobernuak urtean 600 mila eraso zibernetiko inguru jasotzen ditu. Normalean, denak baztertzen dituzte, baina hala ez bada, sistema berreskuratzeko prozesua ez da erraza ezta berehalakoa ere.