Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Itxaso Atutxa: "Arazoa ez daukagu guk, Anduezak dauka eta ez hainbeste PSOEk"
Lehendakariak subiranotasunari buruz esandakoaren ostean, PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du alderdi barrura begira egindako adierazpen pertsonalak izan zirela. EAJren BBBko presidenteak, berriz, Anduezari gogoratu dio Pedro Sanchezek EAJrekin sinatu zuela subiranotasunaren bidean lan egitea.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Lehendakariak Estatuaren subiranotasunaren birbanaketaren eta Estatu eredu berri baten alde esandakoen harira ika-mika sortu da azken orduetan Iñigo Urkulluren eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiaren artean. Azken horrek garrantzia kendu zien atzo adierazpenei eta alderdi barrura egindakoak izan zirela esan zuen, ez lehendakari gisa egindakoak. Ondoren, Urkulluk erantzun zion PSOEk eta EAJk adostua dutela autogobernu gehiago lortzea.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Itxaso Atutxa EAJren Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea Eneko Anduezari zuzendu zaio, eta azpimarratu du lehendakariak lehendakari moduan hitz egiten duela. Atutxak galduta ikusten du Andueza eta gogorarazi dio bere alderdiko idazkari nagusi den Pedro Sanchezek EAJrekin 2019ko abenduan sinatu zuela subiranotasunaren alde lan egitea eta legeak aldatu behar badira ere horretan lan egitea. "Arazoa ez daukagu guk, Anduezak dauka eta ez hainbeste PSOEk" gehitu du.
EAJren eta PSE-EEren arteko desadostasunen inguruan galdetuta, buruzagi jeltzaleak nabarmendu du bi alderdien artean egiten dituzten batzarretan ez dagoela horrelako girorik, eta nolabait ikusgarritasuna irabazteko egiten dituztela horrelako deklarazioak.
2023ko udal eta foru hauteskundeen osteko aliantzen inguruan bere ikuspuntua zein den azaldu du. Zaila ikusten du EAJk berak bakarrik gehiengo osoak lortzea eta, hortaz, lehen aukera PSE-EE izan beharko litzatekeela uste du, "edukazioz bada ere". Gainera, akordio orokorrak egitea lehenetsi du.
EITB Taldeko hedabideek Nafarroako boto asmoari buruz argitaratutako EITB Focus inkesta ere hizpide izan du Itxaso Atutxak. Alde batetik, kezkatuta agertu da Vox erakundeetan sartzea aurreikusten duelako inkestak. Bestetik, urtebeteren faltan, Geroa Bai bere horretan mantentzen dela aipatu du, nahiz eta apur bat behera egin. Iruñeko Udalari begira, berriro ere UPNk eta PSNk alkatetzarako akordioa egin dezaketela ohartarazi du.