Politika -
Eusko Legebiltzarra
Eskuinaren "katastrofismoaren" aurrean, EAE krisi ekonomikotik ateratzen ari dela azpimarratu du Urkulluk
Lehendakariaren ustez, EAE "lidergoan" dago gai ekonomikoei dagokienez; PP+Cs-en arabera, berriz, Eusko Jaurlaritzak enpresariak eta autonomoak "jomugan" jartzen ditu, eta Voxek Euskadik "eragina galdu" duela kritikatu du.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak, PP+Cs eta Voxen "katastrofismoaren" eta "desitxuratze alderdikoien" aurrean, Euskadin "susperraldia" gertatzen ari dela eta krisitik ateratzen ari dela azpimarratu du, eta EAE "lidergoan" dagoela errenta per capitan, osasunean edo ikerketan, finantza-kaudimenean eta gizarte-babesean.
Urkulluk PP+Cs eta Voxen galderei erantzun die, Eusko Legebiltzarrean egiten ari den kontrol saioan.
Carlos Iturgaiz PP+Cs taldeko bozeramaileak adierazi duenez, Zedarriak foroak egindako txostenek "egiaztatzen dute Euskadik jada ez duela lidergorik" arlo ekonomikoan.
Gainera, enpresaburu eta autonomoak "jomugan" jartzea leporatu dio lehendakariari, eta zergak jaisteko egindako eskaerak baztertzea aurpegiratu dio.
Lehendakariak Iturgaizi erantzun dio enpresariekin egin ohi dituen bileretan enpresaburuek "guztion artean" lankidetzan aritzearen garrantzia adierazi diotela, une honetan ekonomian eta gizarte osoan eragina duten "disrupzio izugarriei" aurre egin ahal izateko.
Era horretan, aberastasuna sortzeko eta banatzeko lankidetzan aritzearen alde agertu da, "desberdintasunei aurre egiteko". Adierazi duenez, jarrera hori enpresaburuek helarazten dioten bera da.
Gainera, Iturgaizi argudiorik ez duela eman esan dio, eta Euskadin "ziurgabetasuna eta kezka" gorabehera, "susperraldia eta krisitik irtetea egitate bat" dela adierazi du.
Bestalde, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak salatu du Zedarriak-en moduko txostenek adierazten dutela Euskadik "eragina galdu duela Espainian", eta egoera hori iraultzeko neurriak hartzeko eskatu dio Urkulluri.
Bere erantzunean, lehendakariak azpimarratu du Zedarriak-ek "Euskadik urte zailetan egindako ahalegina baloratzen" duela, eta ondorioetan honako hau aipatzen duela: "Euskadi ingurunearekin konparatuta nabarmentzen da", besteak beste, oparotasun, gizarteratze, bizi-baldintza, erresilientzia edo lankidetza publiko-pribatuan.