Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Miren Gorrotxategi: "Sagarduiren hitzak kezkagarriak dira, eta Legebiltzarrean azalpenak eskatuko ditugu"

Elkarrekin Podemos-IUko Legebiltzarreko bozeramaileak adierazi duenez, Lehen Arretan murrizketak saihesteko lan egin behar du Exekutiboak, eta datorren kontrol-saioan Gotzone Sagardui sailburua galdekatuko dutela iragarri du.

Miren Gorrotxategi, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Argazkia: EITB Media
Miren Gorrotxategi, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Argazkia: EITB Media
Miren Gorrotxategi, Radio Euskadin eskainitako elkarrizketan. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzako Lehen Arretan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan iragarritako murrizketen inguruan Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak esan du "hitz kezkagarriak" direla.

Radio Euskadiko "Crónica Fin de Semana" irratsaioan eskainitako elkarrizketan Gorrotxategik ohartarazi duenez, iragarpen horrek kezka eragin du erizainen artean. Gainera, datorren kontrol-saioan Gotzone Sagardui sailburua galdekatuko dutela iragarri du.

Hezkuntza-itunari buruz, alderdi sinatzaileen arteko komunikaziorik ez dagoela deitoratu du eta, ohartarazi duenez, "hitzartutako konpromisoak betetzen ez badira, Elkarrekin Podemosek adostasunari uko egingo dio". Exekutiboaren asmoa da "uda aurretik lege-proiektua izatea, eta udazkenerako hezkuntza-legea prest izatea".

Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren inguruan galdetuta, "existitzen den onena" dela azpimarratu du, baina hobetu daitekeela, eta Elkarrekin Podemos-IUk proposatu duela "laguntza hori jasotzeko gutxienezko adina 18 urtera jaistea". Zentzu horretan gogoratu du iruzur maila txikia dela, eta iruzur fiskala askoz kezkagarriagoa dela, "diru publikoarentzako 6.000 milioi euro suposatzen baitu".

Estatus berriaren gainean adierazi du bere alderdia eztabaidatzeko prest dagoela, eta autogobernurako ponentziak hainbat auzi berrikusi behar dituela, tartean, Euskadiko lurralde-antolakuntza. "Ez dauka zentzurik alor fiskalean Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba lehian egotea", nabarmendu du.

Datozen foru eta udal hauteskundeen inguruan lasai agertu da Gorrotxategi. "Urtebete dugu oraindik lan egiteko", eta abstentzio mailan jarri du arreta, aurreko hauteskundeetan % 48koa izan baitzen. "Etxean geratu zen herritarren boza berreskuratu behar dugu, ezkerreko botoa delakoan nago", azpimarratu du.

Amaitzeko, Madrilgo koalizio-gobernua aipatu du: "agintaldiari amaierara arte eutsi behar dio Gobernuak, alternatiba eskuina eta eskuin-muturraren arteko gobernua delako". EH Bilduk Kongresuan duen paperari buruz Gorrotxategik adierazi du, "ezkerreko gobernua sostengatzeko beharrezkoa dena egiten ari da".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Miren Gorrotxategi albisteak