Politika -
UPNtik kanporatuta
Sayasek eta Adanerok Plataforma Navarra aurkeztu dute "Sanchezen eta Chiviteren alternatiba erreal" gisa
UPNtik kanporatutako diputatuek ez dute argitu alderdi politika sortuko duten, ezta hauteskundeetara nola aurkeztuko liratekeen ere, eta gaineratu dute "herritarren konfiantza duela uste duen inork ez lukeela kezkatu behar beste aukera politiko batzuk egoteagatik".
Agentziak | EITB Media
Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok, lan-erreformaren bozketan alderdiaren jarraibideak ez betetzeagatik UPNtik kanporatutako diputatuek, beren plataforma aurkeztu dute Iruñean "Sanchezen eta Chiviteren alternatiba erreala bultzatzeko" eta "galdu duen lidergoa berreskuratu nahi duen lurralde baterako proiektua eskaintzeko".
Hala adierazi dute Plataforma Navarra izeneko proiektuaren lehen ekitaldi publikoan. Ia 1.500 pertsonak bat egin dute ekimenarekin.
Bere hitzaldian, Sayasek adierazi du plataforma "Nafarroak behar duen alternatiba" dela "Chivite, Barkos eta Bildu Nafarroako Gobernuan urte gehiago egon ez daitezen"; "motibazio ezari eta inertziari bizkarra ematen saiatzen den" alternatiba.
"Jende askok galdetzen du alderdi politikoa izango garen edo hauteskundeetara aurkeztuko garen. Batzuek itxaropenez egiten dute eta beste batzuek, urduritasun handiz. Herritarren konfiantza duela uste duen inork ez luke kezkatu behar beste aukera politiko batzuk egoteagatik; izan ere, bozkatzea hautatzea da, eta hautatzea askatasun ekintza bat da", adierazi du. "Kezkatzen direnak hautesleei iruzur egin dietela dakitenak dira, baina alternatibarik ez dagoenez, haien alde behartuta bozkatzea nahi dutenak", gehitu du.