Politika -
Mapa interaktiboa
'Memoriaren Espazioak' biktimen oroimenerako 400 toki bildu ditu, gehienak ETArenak
Hala ere, GAL, GRAPO edo jihadismoak eragindako biktimen oroimenerako lekuek tokia dute. Tresnaren helburua “Espainian terrorismoaren biktimen memoria gorde eta duin egitea da”.
Agentziak | EiTB Media
Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memoria Zentroak 'Memoriaren Espazioak' aurkeztu ditu asteazken honetan. Mapa interaktiboak biktimen oroimenerako 400 toki bildu ditu Espainiako Estatuan.
Mapan azaltzen diren leku gehienak ETAk eragindako biktimen oroimenerako dira (% 60). Hala ere, GAL, GRAPO edo jihadismoak eragindako biktimen oroimenerako lekuek tokia dute.
Valentin de Foronda Historia Sozialeko Institutuak garatutako eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioak finantzatutako tresnaren helburua "Espainian terrorismoaren biktimen memoria gorde eta duin egitea da".
Horrela, eskultura, oroitarri, plaka eta zuhaitz edo basoen lokalizazioa bildu du mapak, oro har, biktimen kolektiboa, eraso zehatzen kaltedunak edo biktima indibidualak omentzeko.
Espazio bakoitzak fitxa deskriptibo bat du, baita argazkia eta lokalizazioa ere. Guztiak AROVITE (arovite.com) webgunean eskuragarri daude, eta laster Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren ataria ere.