Politika -

Hilketaren 25. urtemuga

Gasteizko Udalak omenaldi batekin oroituko du Miguel Angel Blanco

Radio Euskadik jakin duenez, EAJren udal taldeak zuzenketa aurkeztu dio PPren proposamen bati. Ekimenean, Gasteizko kale bati ETAk hildako PPko zinegotziaren izena jartzea proposatzen zuten popularrek.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udalak "oroitzapen berezi eta berariazkoa" egingo du ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko Udaleko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela 25 urte beteko diren honetan, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez. 

Zehazki, lore-eskaintza egingo zaio aurki Terrorismoaren Biktimen Monumentuan, Gasteizko Lakua auzoan. Omenaldia EAJren udal taldeak PPk aurrez aurkeztutako proposamen bati egindako osoko zuzenketa baten harira egingo dute. Biek ala biek Miguel Angel Blancoren figura aldarrikatzea dute xede. Aurretik ere egin dira Gasteizen eraildako PPko zinegotzia goratzeko ekitaldiak —2014an, 2015ean eta 2017an—.

Izan ere, hilabete eskas falta da urtemugarako, eta, ohi bezala, hainbat udaletan Miguel Angel Blancoren aldeko ekimenak aurkeztu ditu PPk. Gasteizko kasuan, hiriko kale bati politikari gaztearen izen-abizenak jartzea proposatu zuten. 

Radio Euskadik eskuratu duen EAJren zuzenketan azpimarratzen denez, Blancoren erailketa "mugarri izan zen ETAren kontrako borrokan", eta, hori horrela, "positiboa" iritzi diote Miguel Angel Blanco Fundazioarekin batera, horren aldeko omenaldi bat antolatzea. Jeltzaleek gogorarazi dutenez, Gasteizen dago Terrorismoaren Biktimen Memoriala, "memoriarako eta bakearen pedagogiarako espazioa", baita Agustin Ibarrolak egindako monumentua ere. Era berean, jakinarazi dute laster bukatuko dituztela Memoriaren Plaza eraikitzeko lanak eta "terrorismoaren biktima guztiak aintzat hartzeko eta giza eskubideen beste urraketa gogora ekartzeko" leku bilakatuko dela. 

Bere proposamenean, Miguel Angel Blancoren figura jendartean —eta, batez ere, gazteen artean—, gogorarazi eta aldarrikatu beharra zegoela nabarmendu du PPk. Euren datuen arabera, "Espainiako gazteen % 60k ez dakite nor izan zen Blanco, eta 10etik 7k aitortu dute ez dituztela ondo ezagutzen ezta haren hilketaren nondik norakoen ondorioak ere". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika EAJ-PNV Ermua ETA Alderdi politikoak Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Terrorismoaren Biktimak Erailketak