Politika -

Andaluziako hauteskundeak

PPk gehiengo absolutua lortu du Andaluzian, PSOEk emaitzarik txarrena lortu du eta Cs desagertu egin da

Popularrek Andaluziako Parlamentuko 109 eserlekuetatik 58 eskuratuko lituzke; PSOEk, 30 eta Voxek, 14.

Juanma Moreno, irabazi izana ospatzen. Argazkia: EFE.
Juanma Moreno, irabazi izana ospatzen. Argazkia: EFE.
Juanma Moreno, irabazi izana ospatzen. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk garaipen ukaezina lortu du ekainaren 19ko hauteskunde autonomikoetan; botoen ia % 100 zenbatuta, horien % 42a jaso dute popularrek, eta, hala, 58 diputatu lortu dituzte, gehiengo osoa lortzeko beharrekoa baino bi gehiago. PSOEk, aldiz, inoizko emaitzarik txarrena izan du (31 eserleku), eta Ciudadanos (Cs) Parlamentutik kanpo geratu da.

PPk eserlekuen bikoitza baino gehiago lortu ditu hautestontzietan 2018ko hauteskunde autonomikoekin alderatuta; orduan, 26 diputatu eta botoen % 20,8 lortu zituen. Halaber, Andaluziako alderdiaren muga guztiak gainditu ditu, Javier Arenasek bakarrik irabazi baitzituen 2012an hauteskunde autonomikoak, 50 eserlekurekin. Hala, popularren hautagai Juanma Morenok garaipena ospatu eta azpimarratu du, modu horretan, "Andaluziak gobernu moderatu bat" izango duela, "andaluziar guztientzat".

PSOEk okerrera egin du, eta PPtik 15 eserleku baino gehiagora geratu da, 30 diputaturekin. Ildo horretan, hautagai sozialista Juan Espadasek onartu du bere alderdia ez dela gai izan ezkerreko hautesleak erakartzeko, eta hitzeman du, bihartik aurrera, andaluziarren konfiantza berreskuratzeko lanean hasiko dela lau urte barru Gobernuan egoteko.

Voxek hirugarren indar politiko gisa errepikatu du, eta, PPrekin batera, botoen eta eserlekuen hazkundea izan duen alderdi bakarra izan da, 14 izatera iritsi arte, gaur egun baino bi gehiago. Horren harira, Macarena Olona hautagai ultraeskuindarrak adierazi du emaitza hobeak espero zituela, baina nabarmendu du "agerikoa" dela bere alderdiak gora egin duela; haren esanetan, gelditzeko etorri da Andaluziara.

Ciudadanosek izan du atzerakadarik handiena; izan ere, botoen % 3,2rekin Andaluziako Parlamentutik kanpo geratu da. Duela hiru urte eta erdi, 21 diputatu lortu zituen PPren gobernukide izateko. Juan Marin buruzagiak dimisioa eman du gaur gauean.

Ezkerreko beste indarrak, Por Andalucía eta Adelante Andalucía, oso urrun geratu dira 2018an elkarrekin lortutako 17 eserlekuetatik; lehenengoak, bost eserleku lortu ditu Inmaculada Nietoren eskutik, eta, bigarrenak, berriz, hiru Teresa Rodriguezen gidaritzapean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE PP Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Vox