Politika -
Miguel Angel Blancoren familia
Presen Blanco: "Ermuko herritarren babesaren oroitzapen ona gordetzen dut"
Miguel Angel Blancoren lehengusinak eta Elena Praena Blanco alabak 25 urte betetzen direnean PPko zinegotzia bahitu eta hil zuteneko oroitzapenez hitz egin dute Radio Euskadiko "Boulevard" saioan.
N. B. | EITB MEDIA
Miguel Angel Blancoren familia Radio Euskadiko "Boulevard" saioan izan da astearte honetan, 1997ko uztailaren 10etik 12ra bitartean ETAk Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuela gogoratzeko.
Presen Blanco, Miguel Angelen lehengusinak, Elena Praena Blanco 17 urteko alabarekin batera, egon da elkarrizketa egiten eta egun horiek "oso gogorrak" izan zirela esan du, baina "Ermuko herritarren babesa" gogoan duela dio.
"Oso une gogorrak izan ziren, eta familiarekin berriz ere horiek bizitzea oso gogorra da", esan du. "Bizirik berreskuratzeko itxaropena genuen, baina, zoritxarrez, gertatu zena gertatu zen", adierazi du.
Hala ere, Presenek azaldu duenez, bere lehengusuaren hilketaren ondoren, mugimendu asko sortu ziren, Ermuko Espiritua kasu, ETAren indarkeriaren aurka agertu zirenak eta "gutxienez" indarkeria baztertzea lortu ahal izan da.
Bestalde, Elenaren hitzetan, "amorruz bizitzea besteen aurkako indarkeria erabiltzea da, eta indarkeriak ez darama inora, egiaztatuta baitago indarkeriaren bidez ez dela ezer lortu". "Gauzak beste era batera konpon daitezke", esan du Radio Euskadiko mikrofonoetan.
ETAren historiaz eta hamarkada luzeetan Euskadin gertatutakoaz galdetuta, Elenak azaldu du ikaskideek ez zekitela "oso ondo" ETArekin zer gertatu zen, "teorikoki ematen den gaia delako eta ez delako familiaren sufrimendua ezagutzen". Zentzu horretan, berak kasua txikitatik ezagutu duenez, "familiaren sufrimendua gehiago" ulertzen duela esan du, "hurbiletik bizi izan dudalako".