Politika -
Parlamentuko presidentea
Yael Braun-Pivet, Frantziako Asanblada zuzenduko duen lehen emakumea
1958an V. Errepublika hasi zenetik egon den Parlamenturik zatituena zuzendu beharko du Emmanuel Macron presidentearen alderdiko diputatuak; izan ere, ez dago gehiengo absoluturik.
Agentziak | EiTB Media
Yael Braun-Pivet Emmanuel Macron presidentearen alderdiko diputatua Asanblada Nazionaleko presidente izendatu dute astearte honetan. Ganbera zuzenduko duen lehen emakumea izango da. Frantziako Estatuan laugarren kargu garrantzitsuena da.
Braun-Pivet abokatua duela 51 urte jaio zen Nancyn (Frantziako iparraldea) jatorri juduko familia batean. Hautagaiak bigarren itzulian erdietsi du garaipena Ensemble! zentroko aliantzaren botoei esker. Macronen LREM alderdia koalizioaren barruan dago.
Ganberako presidente berria Itsasoz Bestaldeko Lurraldeen ministroa izan da azken hilabetean. Hain zuzen ere, Ministerioa utzi zuen Asanbladako hautagaitza aurkezteko.
1958an V. Errepublika hasi zenetik egon den Parlamenturik zatituena zuzendu beharko du Braun-Pivetek; izan ere, ez dago gehiengo absoluturik.
Macronek eta bere aliatuek gehiengo erlatiboa dute, baina lege eta neurri garrantzitsuak beste indar politiko batzuekin adostu beharko dituzte, Estatuko aurrekontuak, esaterako.
Braun-Pivet Asanbladako Lege Batzordeko presidentea (2017-2022) izan zen. Richard Ferranden tokia hartuko du; izan ere, Macronen aliatu fidelak ez zuen ordezkaritza berritzea lortu ekainaren 12ko eta 19ko hauteskundeetan.
Abokatuak bost seme-alaba ditu, eta L'Orealeko exekutibo batekin ezkonduta dago. Militante sozialista ohiak Macronen alderdiarekin bat egin zuen 2016an.