Politika -

natoren goi-bilera

Sanchezek "herri akordioa" eskatu die Kongresuko taldeei, Defentsa gastua areagotzeko

Espainiako Gobernuko presidenteak NATOren goi-bileran hartutako konpromisoa babestera gonbidatu ditu alderdi politikoak: 2029rako BPGaren % 2ra iristea.

Pedro Sanchez, NATOren goi-bileran egindako agerraldi batean. Argazkia: EITB Media
Pedro Sanchez, NATOren goi-bileran egindako agerraldi batean. Argazkia: EITB Media
Sanchezek bikoiztu egin nahi du Defentsako aurrekontua 2029rako

1:21

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hausnarketa eskatu die Kongresuko alderdi politikoei, "kontu ideologikoak" alde batera uzteko eta Madrilen egindako NATOren goi-bileran defentsa gastuari dagokionez hartutako erabakia babesteko: 2029rako BPGaren % 2ra iristea.

Bilera horren amaieran hedabideen aurrean egindako agerraldi batean, Sanchez pozik agertu da. Haren aburuz, Espainiak zituen helburu guztiak bete dira bertan, eta herrialdeak aliatuekiko seriotasun, sinesgarritasun eta konpromiso irudia indartu du, baita "nazioarteko agertokian bere posizioa indartu" ere.

NATOren kide diren estatuburu eta gobernuburuen arteko hitzorduak Kontzeptu Estrategiko berria onartzea baimendu du, datozen hamar urteetan Aliantzaren jarduera-lerroak finkatzen dituena. Lortutako akordioek gastu militarraren areagotzea dakarte, eta Sanchezek gainerako liderrei helarazi die Espainiak BPGaren %2ko igoeraren helburua lortzeko norabidea hartuko duela.

Hori izan zen 2014an Galesen egindako NATOren goi-bilerak 2024rako finkatutako helburua. Dena den, Espainia portzentaje horretatik urrun dago oraindik; egun, % 1,01 bideratzen baitu zeregin horretara, Aliantzaren datuen arabera.

Sanchezek aurreratua zuen jada gastu hori areagotzeko asmoa, 2024rako posible izango ez bazen ere, eta ostegun honetan BPGaren % 2a kokatu du 2029rako jomugan. Adierazi duenez, NATOrekiko konpromisoa ez ezik, Europar Batasunarekikoa ere bada.

Hortaz, gastu horren pixkanako areagotzea egongo da Estatuko aurrekontu orokorretan. Horretarako, alderdi politikoen babesa lortu behar du.

Presidenteak azaldu duenez, Parlamentuan eskatuko du babes hori, eta 2023rako aurrekontuen hurrengo lege-proiektuaren barnean sartuko da defentsara bideratutako gastuaren areagotzea. "Proposamen hori herri akordioa izan dadin nahi dut", horregatik, hausnarketarako deia egin du, eta "kontu ideologikoak" alde batera uzteko eskatu.

Suediaren eta Finlandiaren aldaketa aipatu du Sanchezek adibide gisa, hamarkadetako neutraltasuna apurtu baitute NATOn sartzea eskatzeko. Hala, beharrezkotzat jo du Espainian defentsa gastuaren areagotzearen aurka azaldu diren alderdiek ere gogoeta egitea.

"Nik Gobernuko presidente gisa eta PSOEko idazkari nagusi gisa ordezkatzen dudanari dagokionez, oso argi daukagu: badakigu zein den gure espazioa, Europa, Aliantza, eta jarrera hori defendatuko dugu Kongresuan", gaineratu du.

Unean, NATO barneko azken aurreko herrialdea da Espainia defentsa gastuari dagokionez, Luxenburgoren aurretik, Aliantzak goi-bileraren bezperan argitaratutako txosten baten arabera.

Unidas Podemosek dio ez duela areagotzea babestuko

Unidas Podemosek adierazi du ez duela BPGaren % 2ko Defentsa gastuaren areagotzea babestuko, NATOren goi-bileraren konpromisoetan finkatu bezala, eta errepikatu du azken hilabeteotan azaldutako kontrako jarrera berdina mantenduko dutela.

"Badakizue zein den gai honekiko gure jarrera, ez dugu babestuko", adierazi du Jaume Asens Kongresuko talde konfederaleko presidenteak, Behe Ganberan hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

Bestalde, Alberto Garzon Kontsumo ministro eta IUko koordinatzaile federalak gogora ekarri du taldeak bere asmoa agertu zuela bere garaian, gastu militarra areagotzeko planei uko egitean, eta jarrera berdina duela oraindik zentzu horretan.

Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia eta Gizarte Eskubideetako eta 2030 Agendako ministroa ere ildo beretik mintzatu da: "Espainiak askoz gehiago behar du errenta baten bermea, tankeetan edo armetan gehiago inbertitzea baino".

Feijoo Defentsa politika ituntzeko prest agertu da, eta "koherentzia" eskatu du

Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentea Defentsa eta Segurtasun politika bat ituntzeko prest agertu da, baina Gobernuari eskatu dio "koherente" izateko eta proposamen bat aurkezteko.

Getxon eskainitako prentsaurreko batean, presidente popularrak azpimarratu du bere alderdia NATOren "oso aldeko" izan dela beti, eta Estatu Batuekin "konfiantzazko eta laguntasunezko aldebiko harreman" bat izatearen aldeko.

Baietsi du Gobernuak "aintzat hartu" dezakeela PP Defentsarako Estatu politika baterako, baina nabarmendu du Gobernu osoak "koherente" izan behar duela gai horretan, eta bere alderdiak "seriotasunez" jasoko duen proposamen bat aurkeztu. Hala, ezinbesteko baldintzatzat jo du koalizio Gobernuaren batasuna.

Bestelako erreakzioak

EH Bildu ere defentsarako aurrekontua igotzearen aurka agertu da, koalizio abertzaleko iturriek aurreratu dutenez: argudiatu dute inbertsio hori gizarte politiken kaltetan izango dela. Esquerrak ere desadostasuna agertu du.

EAJk, ordea, atea irekita utzi du defentsako plana onartzeko, betiere eraso militarrerako ez bada. Andoni Ortuzar EBBko buruak adierazi duenez, "disuasio edo defentsa" politika izan behar luke, "inoiz ez erasorakoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Espainiako Gobernua argazkiak NATO argazkiak Pedro Sánchez bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak BPGd gaur