Politika -
Alderdi Popularra
Feijook esan du industria indarra galtzen ari dela Euskadin, eta zergak jaisteko eskatu dio Jaurlaritzari
Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak euskal enpresariek antolatutako jardunaldi batean parte hartu du eguerdian Getxon, eta arratsaldean Euskadiko PPren zuzendaritzarekin bildu da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko presidenteak uste du Eusko Jaurlaritzak zergak jaitsi eta euskal industriaren pisua mantentzeko neurriak hartu beharko lituzkeela.
PPko buruzagitza hartu zuenetik, lehen aldiz izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. Eguerdian, euskal enpresarien zirkuluak antolatutako hitzaldi batean hartu du parte, Getxon, eta, arratsaldean, Euskadiko PPko zuzendaritzarekin batzartu da.
Iñigo Urkulluren Gobernuaren politika ekonomikoari buruz galdetuta, Feijook ohartarazi du Euskadiko industria ez dela garai batekoa eta "pisua galtzen" ari dela Madrilen mesedetan.
Halaber, hainbat zerga "altuegiak" direla eta Eusko Jaurlaritzak bere politika fiskalari buruzko "hausnarketa" egin beharko lukeela iritzi dio. Ildo horretan, berez ustez, zerga-sistema egokia aplikatu duten erkidegoak aipatu ditu adibide gisa, hala nola, Madril, Andaluzia edo Galizia.
Bestalde, Feijook adierazi du erkidegoentzat ez dela erraza industria-planak aurrera eramatea, "egungo Espainiako Gobernuaren erruz".
PPko buruzagiaren arabera, zama guztia ezin da erkidegoetako presidenteen gainean jarri, eta azpimarratu du ardura nagusia Pedro Sanchezen Gobernuarena dela, "industria eta ekonomia politika okerrak bideratzen dituelako".
Edonola ere, Feijook berretsi du Eusko Jaurlaritzak neurriak hartu behar dituela "industriak Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinean duen eraginari eusteko", eta "gogoeta bat" egin beharko lukeela zergak murrizteko.