Politika -

Iruñea

Sanfermines 78: gogoan!-ek eta peñek elkarrekin omenduko dituzte lehen aldiz 1978ko biktimak, uztailaren 8an

Elkarretaratzea egingo dute Poliziak hildako German Rodriguezen eta gainerako biktimen alde, eta minutuko isilunea egingo dute zezen plazan.

1978ko sanferminetako biktimen omenaldia. Argazkia: Sanfermines 78: gogoan!
1978ko sanferminetako biktimen omenaldia. Argazkia: Sanfermines 78: gogoan!
1978ko sanferminetako biktimen omenaldia. Argazkia: Sanfermines 78: gogoan!

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanfermines 78: gogoan!-ek eta Iruñeko Peñen Federazioak 1978ko sanferminetako biktimak oroituko dituzte eta justizia eskatuko dute uztailaren 8an.

Lehenengo aldiz, eta etorkizunean ere berdin egiten jarraitzeko asmoz, uztailaren 8ko ekitaldi guztiak elkarrekin antolatu dituzte memoria elkarteak eta peñek, aurkezpenean azaldu dutenez.

Ohikoa den legez, uztailaren 8an elkarretaratzea egingo dute 13:00ean, Poliziak 1978ko sanferminetan tiroz hildako German Rodriguezen oroitarriaren ondoan.

Era berean, minutu bateko isilunea antolatu dute zezen plazan; eta zezenketaren ostean, peñak, pankartak jasota, omenaldira abiatuko dira 1978 sanferminetako biktima guztiak gogoan.

Ekitaldien aurkezpena gaur egin dute, eta bertan, Julieta Bandirali abokatu argentinarrak duela gutxi Nafarroako hiriburura egindako bisita ekarri dute gogora. Bandirali "kereila argentinarra" deiturikoaren sustatzaile nagusietako bat da, eta aipatu prozesu judizialaren eta Martin Villa "1978ko sanferminetako sarraski polizialaren arduradun politiko nagusiaren" inputazioaren nondik norakoak azaldu zituen.

Badiralik frankismoko krimenen aurrean egia, justizia eta erreparazioa lortzeko lanean jarraitzeko deia egin zuen, tartean Europako Parlamenturaino eraman duten aldarrikapenarekin.

Horren harira, gaurko aurkezpenean hitzeman dute mobilizatzen jarraituko dutela "Nafarroako eta Espainiako justiziaren ateak zabaltzea lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Sanferminak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak