Politika -
Ekitaldi politikoa
Podemos "martxan" jarri da udal-hauteskundeei begira
"Udalak martxan" izeneko jardunaldia egin du larunbat honetan Araban, alderdiak udal hauteskundeetarako estrategia indartzeko. "Munizipalismoa" aldarrikatu dute herritarrek politikarekiko duten etsipena gainditzeko.
eitb media
Podemos Ahal Duguk "Udalak martxan" ekimena jarri du gaur abian udal eta foru hauteskundeei begira, galdutako babesa berreskuratzeko eta azpimarra "munizipalismoan" jarrita herritarrek politikarekiko duten etsipena gainditzeko asmoz.
Hori horrela, alderdiko kideak Kexaan (Araba) elkartu dira, eta bertan, Lilith Verstrynge alderdiaren Estatu mailako Antolakuntza idazkariak esan du "orain, inoiz baino gehiago, munizipalismoa" egin beharra dagoela alderdia "izan zenera" itzultzeko.
"Indar handia jarri behar dugu udal politikan, horrek itzularaziko gaituelako izan ginen eta izan nahi dugun horretara", azpimarratu du Verstryngek.
Antolakuntza idazkariak aitortu du "etsipena" sortu dela Podemos Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuan sartu zenetik, "sistemari buelta emateko" helburuarekin sartu zirelako, eta azkenean mugak aurkitu dituztelako: "Aldaketak egin nahi izan arren batzuetan guztia ez duzu alde".
Herritarrek politikariekiko duten "etsipena"z hitz egin du, eta pertsonekiko gertutasuna berreskuratzearen garrantzia azpimarratu. Horretarako, udal politika jarri du erronka gisa, eta alderdikideei dei egin die Euskadi osoa zeharka dezatela, udal bat bera ere atzean utzi gabe.
Pilar Garrido Podemos Ahal Duguren koordinatzaileak ere hartu du hitza gaurko jardunaldian, eta krisiari aurre egiterako garaian Eusko Jaurlaritzak porrot egin duela salatu du, euskal gizartean "geroz eta desberdintasun handiagoak" daudelako, "pobrezia handiagoarekin". Horregatik, udal eta foru gobernuetan EAJren eta PSE-EEren alternatiba izan nahi omen dute.
Hala, "premiazko" jo du "milioi askotako" etekinak lortzen dituztenei aparteko zerga bat ezartzea, tartean energia sektoreko enpresei, eta zerga erreforma "justuagoa" egitea.
Aldaketa burura eramateko udal mailatik hasi beharra dagoela nabarmendu du, eta alderdia dagoen lekuetan herritarrek "berdintasun, eskubide eta parte-hartze" handiagoa dutela.
Era berean, Euskadin gobernatzeko proiektua izango duen "bloke kontrahegemonikoa" osatzea eskatu du. "Euskal eremu anitza eta ezkertiarra, ahots desberdinak batuko dituena proiektu komun batean. Euskal herritar izateaz harro, baina Estatuko gainerakoekin loturari eutsiz. Estatuko gainerako herriekin bizikidetzarako proiektu komuna antolatzea", gaineratu du.