Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Blazquez, Miguel Angel Blancoren hiletako gotzaina: "Kontzientzia epelek ere 'aski da' esan zuten"
Ricardo Blazquezek, 1997an Bilboko gotzain izandakoak, ETAk Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zueneko momentua "guztion kontzientziaren astindua" izan zela dio, "epelenena ere bai".
Mikel Domíiguez | EITB Media
Ricardo Blazquezek, ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitu eta hil zuenean Bilboko gotzain izandakoak, gertaera hark "guztion kontzientziaren astindua" ekarri zuela esan du Radio Euskadin.
Egun Valladolideko artzapezpikua denak Blancoren hileta elizkizuna egin zuen Ermuko parrokian. Meza horretara familia, agintariak eta buruzagi politikoak joan ziren, baita garai hartan Espainiako printzea zen Felipe ere. Blancok "jendez betetako kaleak" izan zituen lagun, euskal gizartean gertatu zenaren isla. "Kontzientzia epel eta zalantzazkoenek erreakzionatu egin zuten eta esan zuten: 'Horrela ezin dugu jarraitu, aski da'", uste du Blazquezek.
Gotzainaren arabera, hileta "errespetuz, gurtza giroan" eta "kezkaz" igaro zen. ETAk egin zuen eszenifikazioa, Blanco bahituta eta "hilketari epe muga jarrita", "guztion kontzientziaren astindu moduko bat izan zen, baita epelenena ere". "'Honaino iritsi gara, ezin da izan, honek amaitu egin behar du'", esan zuen gizarteak. Azaltzen duenez, "aldaketa kolektiboa gertatu zen, indarkeria aho batez eta anbiguotasunik gabe arbuiatzeko jarrera argia" hartu zen.
Blazquezek lehengo "isiltasuna" ETAren jardueraren aurrean egun horietako "oihuarekin" alderatu ditu. "Urteak aurrera joan ahala, esan daiteke gizartearen kontzientzia markatu zuen gertaera bat izan zela", esan du.
Gehitu duenez, ETAk "indarkeria erabiltzeari uko" egin izana "lasaitua" izan zen gizartearentzat, eta gizartea erabat adiskidetzea espero du. Horretarako "akatsak onartu" behar dira. "Komenientzia anbiguoak egon badira, hori bihotzean garbitu behar da", esan du.